Albisteak

[TXOKO BERDEA] Estolda-zuloetan ‘Itsasoa hemen hasten da’ leloa margotu dute hainbat gaztetxok herritarrak ohartarazteko asmoz

Danbolinek eta Zestoako Udaleko Ingurumen sailak elkarlanean sortutako egitasmoaren baitan, ‘Itsasoa hemen hasten da’ leloa margotu dute herriko hainbat estolda-zulotan. Zazpi gaztetxok hartu dute parte ekintzan eta helburua herritarrak ohartaraztea da. Izan ere, sarritan, begibistatik kentzen dugun zaborra desagertu egiten dela pentsatzen dugu.

Besteak beste, zabalduta dagoen ohitura txarra da atari, taberna, elkarte edota bestelakoren bat garbitu ostean zoru-garbigailuarekin erabili dugun ontziko ur zikina -xaboi eta guzti- estoldatik behera botatzea. Guztiok oharkabean egiten dugun ekintza bat den arren hanka-sartze larria da. Etxeko ur zikinak Lasaoko araztegira bideratuta daude, baina ez estoldako urak, euri urak jasotzeko eginak baitaude. Ibaira isurtzen dira eta zuzen-zuzenean itsasoan amaitzen du estoldako zulotik botatako orok.

Has gaitezen keinu txikien bitartez ingurumena zaintzen, guztiona da-eta. Hemen dituzue ekintzako hainbat argazki:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide