Albisteak

U30eko Greba Orokorraren goizeko balorazioa positibotzat jo du Zestoako greba batzordeak

U30eko greba orokorrarekin bat eginik, Zestoako Greba Batzordeak deituta, goizeko 8:00etatik 10:00ak bitartean ibili da pikete informatiboa herrian zehar eta estazioko industrialdean. Batzordean parte hartzen du Gazte Asanbladak ere eta Aitor Arsuaga bertako kidearen esanetan, “orokorrean herriko denda eta establezimendu ia denak itxita zeuden baina bakarren bat irekita edo barruan langileren bat lanean zela ere aurkitu dugu eta estazioko industrialdean lantoki batean lanean ari ziren”. Janire Diaz ELA sindikatuko ordezkariak Danbolini adierazi dionez, “helburua goiz goizetik kaleak hartzea zen eta herri itxita ikustea eta pozik gaude alde horretatik, herriko merkatarien erantzuna oso ona izan da. Pikete talde informatiboan ere kolektibo ezberdinetako jendea elkartu gara eta gustura gaude”. Goizean zeharreko batzordearen balorazioa positiboa izan da beraz eta egunean zeharrerako deituta dauden ekintzetan parte hartzen jarraitzeko deia luzatu du. Arratsaldean zehar batzordeko kide gehiagoren iritziak jasotzen jarraituko du Danbolinek.

Hamaiketakoa eta gero, Donostiako manifestaziorako antolatzen hasi dira bertaratutakoak eta arratsaldean herrian izango diren ekintzen berri ere eman dute:

16:30ean Dokumentala arkupetan: “Nosotras mujeres de Euskalduna”

18:00etan Txokolatada arkupetan (norberak eraman beharko ditu bizkotxo eta gailetan gainontzeko herritarrekin partekatzeko)

18:30ean ekitaldia plazan eta ondoren manifestazioa.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide