Albisteak

“Uda gau bateko ametsa” obran aktore lanetan dabil Amancay Gaztañaga

Donostia 2016 egitarauaren baitan, “Uda gau bateko ametsa” Willian Shakespearen obra ari dira eskaintzen ekainaren 21etik, Shakespeare hil zela 400 urte direla aitzakiatzat hartuta. Igande honetan, uztailaren 24an, izango da azken funtzioa, eta horren harira, bertan aktore lanetan ari den Amancay Gaztañaga herritarrarekin hitz egin dugu.

Gaztañagak azaldu digunez, orain dela bi urte jakinarazi zioten proiektuaren barruan izango zela. Obrarekin oso gustura dagoela dio: “dena bidaia bat da, publikoa Donostiako Cristina Enea parkera sartzen da, bertan afaltzen du, Hermia eta Dimitrioren ezkontzara gonbidatuta balego bezala; hor hasten da trama, eta hortik bidaia bat, parke osoan zehar eta ilunpetan”.

Sarrera guztiak aspalditik agortuta daude, eta guztira 7000 ikusle inguruk ikusiko dute. Obra hunkigarria eta magikoa dela dio, eta Ttanttaka Teatroaren apustua azpimarratu du: “Euskal Herrian baldintza metereologikoek ez dute laguntzen horrelako gauzak egiterako orduan, eta Ttanttaka teatroak proiektua egitea erabaki zuen. Eguraldiagatik suspenditzen den egunetan dirua itzultzen dugu. Euskal Herrian ez da egin horrelako esperientzia bat, hainbeste egun segidan, baso batean, hainbeste eszenografiarekin… eta alde horretatik ikusgarria da”.

Amancay Gaztañagak, obraren mundu magikoaren barruan, Titaniaren hada bat interpretatzen du, “alde batetik bestera zintzilika ibiltzen gara, oso nekatuta bukatzen dugu. Oso esperientzia ederra izaten ari da, gauez, basoan… aktore bezala ere bere xarma dauka”. Publikoak ere oso ondo pasatzen duela azpimarratu digu, “ardoa nahi adina izaten dute lehendabiziko eszenan, eta uste dut jada basora sartzerako nahiko ukituta egoten direla”.

Igande honetan, uztailaren 24an, bukatuko dira funtzioak. 23 aktore, Kukaiko dantzariak… Ehundik gora pertsona ari dira lanean, Gaztañagaren arabera.

Donostia 2016ko egitarauaren baitan ari dira funtzioa egiten, eta Ttanttaka Teatroa, Cristina Enea Fundazioa, Musika Kontserbatorioak, Kukai Dantza Konpainia, Easo Abesbatza eta TAE dira obraren eragileak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide