Albisteak

[ZUTABEA] Udako koloreak

Benitok udazkenekoei kantatzeko izan zuen abileziarik gabe, pasa berri den udararen koloreak aipatu nahi nituzke nik. Eguzkiaren horitik abiatuko naiz. Gogotik berotu dituelako bazterrak, gehiegi ziurrenik, hurrengo urteetan etor daitekeenaren iragarle. Baina ez dezadan gezurrik esan, eguzkiaren horia ere baliatu dut hondartzara hurbiltzeko. Udarako jolasleku nagusietakoa dut hondartza: harea, haurren askatasuna, tortilla otartekoa… belztu zaigu apur bat azala, horri aurre egiteko erabili dugu kremaren zuria. Hala ere, udarako beltza aipatzen hasita, Ingalaterrako erreginaren dolu kolorea aipatu behar, halako heriotza/hileta prozesu luzerik bazenik ere…

Udaran (eta neguan, udaberrian, udazkenean) maite dut itsasoaren urdina, dituen urdin denak. Urte sasoi honetan da erosoen bertan murgiltzea, zanbulla, jauzi, igeri… nahi duzun moduan. Zein ederra den itsasoan sartzea.

Baserriko osaba zaharrak letxuga edo piper berdeak moztu berritan mahaian jarri dituen bakoitzean, berde bizia ikusi dut. Bikain ezkontzen dena beti bezain gris portura arrantzaleek ekarritako hegaluzeekin.

Jantzi behar izan dugu uda morez. Ziztada, eraso, jazarpen matxista guztiei aurre egiteko. Eta ostadarrez, eraso horiek LGTBIQ+ -eko edozein kideren aurka ere izan direlako. Jantzi da tamalez gorriz, gerra hotsak isildu ez direlako, eta Bidasoa ibaia hilobi bihurtu delako sarri.

Laranja/arrosa/more ukituak hartu ditu udarak eguzkia ateratzen/sartzen ikusi dugun bakoitzean, suaren koloreak hartuz. Baina suaren kolorea Nafarroan ere ikusi dugu, tamalez, lurra errez, begietan min egiteraino.

Eta zuen baimenaz, ezin udara amaitzen utzi jaioterriko marroia aipatu gabe. Herriko traineruak piztu dizkit barrenak, berritu dit bihotza. Emaitzen gainetik, herri txiki bateko gazte kuadrillak, giza komunitate baten partaide izatearen indarra biziberritu didalako.

Kepa Iribar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide