Albisteak

Udako kultur ekitaldiak antolatzeko lehen bilera egin zuten atzo arratsaldean

Atzoko bilera

Maiatzean hasi eta iraila hasera bitartean, iaz bezala, hamabost bat ekitaldi inguru antolatzea da Udalaren asmoa.

Udako ekitaldiak antolatzeko batzordea bildu zen atzo kiroldegiko aterpean. Mikel Arregi Ertxin alkatearen esanetan, “Irailean nola egongo garen esatea ez da erraza, baina, jende pilaketak ekiditen eta bestelako neurri asko hartzen jarraitu beharko dugula dirudi”. Festak bere ohiko itxuran behintzat antolatzerik ez dugula izango ematen du. Iaz udako ekitaldien balorazio oso ona egin zen eta aurtengorako ere aurrekontutan diru partida bat jarria dago. Maiatzean hasi eta iraila hasera bitartean, iaz bezala, hamabost bat ekitaldi inguru antolatzea da Udalaren asmoa. Herri eta auzoetako talde eragileetako hogei kide inguru bildu ziren atzoko bileran eta bakoitzak esku artean zuenaren berri eman zuen.

Gazte Asanbladako kideek maiatzaren 15 eta 16an Rodeok eskainiko dituen kontzertuen berri eman zuten, 22 eta 23an berriz Ezpalak taldeak eskainiko ditu kontzertuak eta abuztuaren bigarren astean zehar, geltoki inguruan, kontzertu bat antolatzeko nahia ere adierazi zuten. Antzerki taldeak, ekainaren 28tik uztailaren 4a bitartean egitarau oparoarekin antzerki astea antolatu duela jakinarazi zuen. Horretarako leku bat egokituko du Udalak Estazioko Industrialdean.

Gaztedi teknikariak eta guraso elkarteko ordezkariak, elkarlanean haur eta gaztetxoentzat ekitaldiak antolatuko dituztela esan zuten, iaz bezala uda osoan zehar sakabanatuta. Itxaropena dantza taldeak, ekainean ikasturte bukaera modura, haurren emanaldi txiki bat egiteko asmoa adierazi zuen. Bestalde, iaz egin gabe utzitako emanaldia ere eskaini nahiko lukete, baina, horretarako, entseguak egiteko lekua behar dute, aforo kontuengatik ezin baitituzte Idiazpiko gunean denek batera entseguak egin. Bandako kideek maiatzaren 9tik aurrera entseguak egiten hasteko esperantza dutela jakinarazi zuten eta horrela balitz, irailean zehar kontzertu bat eskaintzeko aukera aztertzen ari direla.

Auzoetan ere inbertitu behar dela azpimarratu zuen alkateak eta alde horretatik Arroa Beheko eta Arroa Goiko auzo elkarteetako kideek aurten auzoetako festa egunetan, Karmenetan eta Santio-Santanatan, ekitaldiren bat antolatzeko asmoa dutela jakinarazi zuten.

Bilerari bukaera emateko, alkateak martxan jarri nahi duten prozesu baten berri ere eman zuen. Haren esanetan, “Zestoa sortzaile askoko herria da, baina, gabezi nabarmen bat du, areto egoki bat falta zaigu”. Alde horretatik, etorkizun laburrean, prozesu bat martxan jartzekotan direla jakinarazi zuen “hutsune hau beteko duen” azpiegiturak nolakoa izan behar duen denon artean hausnartu eta erabakitzeko.

Hurrengo bilera maiatzaren 19an izango da, arratsaldeko 19:00etan. Ordurako herritarrek esku artean dituzten ekimenen datak zehaztuta eramatea komeni da eta gustuko dituzten proposamenak ere helarazi beharko zaizkio kultur teknikariari.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide