UDAL AHALMENEN AURKAKO NEURRI LARRIA

Pasa den astean, Eusko Legebiltzarrak, EAJ-PNV eta PSOEren aldeko botoekin eta beste talde guztien aurkakoekin, Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Ingurumen Administrazioaren Lege Proiektua onartu zuen. Lege proiektu honek PIPS edo Interes Goreneko Proiektuen figura sortzea ahalbidetzen du.

Beste era batera esanda, lege proiektu honek ustezko hobekuntza izan dezakeen edozein azpiegitura, Interes Publiko Goreneko proiektu izendatzeko ahalmena ematen dio Eusko Jaurlaritzari. Hala nola, energia berriztagarriak sortzeko proiektuak, zabortegiak, araztegiak, erauzketa proiektuak etab. Beste proiektu batzuei ere ez zaie aterik ixten, ustezko justifikazioa lukeen ekipamendu handi eta bestelakoak egiteko ahalmen osoa izango du aurrerantzean Eusko Jaurlaritzak.

Izendapen honek lurralde antolaketa eta hirigintza plan guztiak azpiegitura berrira egokitu beharra ekarriko du, hau da, Zestoan berriki herritarren parte hartzearekin eginiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari balizko proiektua inposatu ahalko zaio eta ondorioz, udal batek bere lurralderako erabakita dituen proiektuak baliogabetu ditzake. Are gehiago, lege aldaketa honek tokiko erakunde eta udalen prebentzio kontrolerako ahala ere baliogabetu egingo du.

Figura juridiko berri hau, lurralde eta hirigintza plangintzan aurretik zegoen adostasunaren aurkako erasoa izateaz gain, toki eremuko autonomia eta demokrazia nabarmen urratzen du, udalari ez baitzaio aukerarik ematen bere lurraldearen barruan desegokitzat jotzen dituen erabilerak mugatzeko.

Udalak kontutan izan gabe hartutako erabaki honek sortu duen kezka dela eta, Zestoako Ehbilduk azaroko udal batzarrean mozio bat aurkeztu zuen, bertan lege proiektu hau kritikatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzari atzera egitea eskatzen zitzaion. Ehbilduko ordezkarien botoei esker mozioa onartu bazen ere, EAJ-PNVko ordezkariek, aho batez, Eusko Jaurlaritzaren lege proiektua babestu zuten.

Eusko Legebiltzarrean proiektu hau EAJ eta PSEk babestu duten arren, alderdi sozialistako alkate bat edo beste lege proiektuarekiko kritikoak izan dira. Udal eta herrien erabakitzeko ahalmenaren aurkako lege bat babesteko alderdiko ordena zorrotz betetzea ez da bidezkoa, eta udal hauteskundeetara alderdi baten zerrendetan “independiente” gisa aurkeztu direnek boto diziplina hain zorrotz betetzea ere ez da parte onekoa.

Udalak dira herritarrengandik gertuen dauden erakundeak eta tokiko erakundeei ahalmen eta eskumen gehiago ematean oinarritu beharko luke politika publikoen etorkizunak. Zoritxarrez, lege proiektu honek, norabide horretan atzerapauso larria suposatuko du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide