Albisteak

Udalak bilera deitu du autokarabanen aparkalekuen ordenantzari buruzko azalpenak emateko

Estazioko autokarabanen aparkalekuak arautzeko onartu berri den ordenantzaren inguruko azalpenak emateko bilera egingo dute herriko autokarabanen jabeekin. Udalak deituta, araudiaren xehetasunak azaltzea eta sortu daitezkeen zalantzak argitzea izango du helburu saioak. Bilera apirilaren 16an, osteguna, izango da, 18:00etan, Alondero aretoan.

2026ko otsaileko udalbatzarrean aho batez onartu zuten ordenantza, azken urteetan autokarabanen kopurua handitu delako eta fenomeno horri erantzuteko beharra ikusi dutelako. Estazioko aparkalekuan bi gune bereizi dituzte: bat turismora bideratutako ibilgailuentzat eta bestea autokarabanentzat. Azken horietan, gehienez 72 orduz aparkatu ahal izango da, gaua pasatzeko aukerarekin, eta ur zikinen hustubide zerbitzua ere egongo da.

Bestalde, herriko autokarabanen jabeentzat urte osorako 22 plaza gordeko ditu udalak. Plaza horiek eskuratzen dituztenek urtean 150 euroko tasa ordaindu beharko dute, eta zerbitzuak erabiltzeko eskubidea izango dute. Udalaren arabera, egindako zentsuan oinarrituta, kopuru hori nahikoa izango da herriko beharrei erantzuteko.

Ordenantzak jasotzen du, halaber, aurrerantzean ezingo dela gaua pasatu Iraetako eta Arroako industrialdeko eremuetan, eta horren berri emateko seinaleak jarriko dituztela.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide