Albisteak
“Udan zer Zestoan?” egitasmoaren baitan antolatutako emanaldiak mantentzea erabaki du Zestoako Udalak
— 2020-08-20“Udan zer Zestoan?” egitasmoaren baitan antolatutako emanaldiak mantentzea erabaki duela jakinarazi du Zestoako Udalak. Azken egunetan COVID-19ak bailaran eragindako osasun-krisialdia dela eta, Mikel Arregi alkatea Azpeiti zein Azkoitiko alkateekin harremanetan jarri da aste hauetanprogramatutako kultur ekitaldiekin jarraitu ala ez hausnartzeko asmoz.
Azpeitik kultur ekitaldiak bere horretan mantendu dituenez eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak 2020ko abuztuaren 19an emandako aginduak ere kultur ekitaldiak egin ahal izateko eragozpenik jartzen ez duenez, Zestoako alkateak jakinarazi du Zestoan “Udan zer Zestoan?” izenburupean antolatutako asteburu honetako ekitaldiak mantendu egingo direla.
Arduraz jokatzeko unea dela azpimarratu du Mikel Arregi alkateak eta orain arte egin bezala, osasun gomendioak betetzen jarraitzeko deia egin die herritar guztiei.
Segurtasun neurriak
Higiene eta segurtasun neurriak zorrotz betearaziko direla azpimarratu du Udalak. Sarreran, tenperatura neurtuko da, nahitaezkoa izango da une oro musukoa jantzia izatea eta oso premiazkoa ez bada, ikuskizunak irauten duen bitartean ezin izango da eserlekutik mugitu. Sarreran zein irteeran segurtasun-distantziak mantendu beharko dira.
Eguraldi iragarpena
Eguraldiak laguntzen ez badu, Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosaren ostiraleko emanaldia (abuztuak 21) eta larunbateko bertso saioa (abuztuak 22) kiroldegiko aterpean izango direla jakinarazi du Zestoako Udalak.
Manez eta Kobreak taldearen saioa, berriz (abuztuak 23, igandea), ekitaldiak dituen behar teknikoak eta orain arte izena eman duen ikusle kopurua kontuan hartuta, ostiral arratsaldean edo larunbatean zehaztuko da Foru plazan edo beste lekuren batean izango den. Bertan behera utzi eta baldintza egokiagoak daudenean eskaintzea ere ez du baztertzen Udalak.
Egin zaitez bazkide