Paperekoa

Udatiarrak, lana eta bizibidea

Gehiago edo gutxiago, baina guztiok izango dugu entzuna garai batean udaran Zestoan izaten zen giroa. 1808an ireki zen Bainuetxea, eta esan genezake hura izan zela geroago Zestoak bizi zuen loraldiaren lehen hazia. Gure etxeetako zaharrek –eta ez hain zaharrek ere bai– nostalgiaz oroitzen dituzte garai oparo haiek. Baina oparotasuna dagoen lekuan, gure kulturan, lana egoten da normalean. Lana gogor egin zuten familiak asko izan ziren gure herrian; izan ere, hoteletan kabitzen ez zirenak, eta hotelak ordaintzeko lain diru ez zeukatenak, herriko etxe partikularretan hartzen zuten ostatu, logela eta otorduak ordainduz. Aspaldi samarrekoa behar du izan errealitate horrek, izan ere, XX. mende hasieran herriaren erdialdeko etxebizitzak solairu berriak altxatu zituzten, eta pentsa genezake udatiarrentzat lekua izateko eraiki zituztela.

Belle epoque-ko glamourrak alde batera utzi, eta etxeetan egiten zen lanaren berri jakiteko asmoz joan gatzaizkie galdezka hainbat herritarri. Garai hartako etxekoandreen seme-alabekin izan gara; Maria Angeles Altuna, Xabier Etxabe eta Pili eta Koro Aizpuruarekin.

Azaldu digutenez, etxe batzuetan oheak bakarrik alokatzen zituzten, eta beste batzuetan, otorduak eta guzti ematen ziren. Gure elkarrizketatuen etxeetan otorduak ere ematen zituzten. Zaragozakoak izaten omen ziren udatiar gehienak, baita madrildar ugari ere. Ekainaren 15ean hasten ziren udatiarrak etxeetara etortzen, eta urriaren 15era arte luzatzen zen denboraldia etxe batzuetan. Hartzaileak, alegia, bertako familia osoa, oro har, ganbaretara igotzen zen lo egitera udako hilabeteetan zehar. Ekainaren 15ean hasi bai, baina San Fermin ingurutik abuztuaren 15era arte izaten omen zen jende gehien. Festetan ere jende asko izaten omen zen herrian, nahiz eta etxe batzuetan egun horietarako jenderik ez zuten hartzen. Eguneko 25-30 pezeta kobratzen zituzten logela eta otorduen truke, eta 15 pezeta logelaren truke.

Gaixorik zegoen jendea izaten omen zen gehienbat, edade pixka batekoa, eta tartean baita gazteak ere. Egundoko giroa izaten zela diote, ostegunero eta larunbatero berbena, igandero musika banda… Aurreko hamarkadetan pilota partidak egunero izan ohi ziren, baina elkarrizketatuok ez zuten garai hura bizi izan.

70eko hamarkadan jo zuen krisiak Zestoako turismoa, eta pixkanaka, aurreko hamarkadetako udaretatik urrunduz joan zen Zestoako udetako errealitatea. XX. mende hasieratik ordura arte, ordea, jende ugari etortzen zen herrira. 1920ko hamarkadatik Gerra Zibilera arteko tartea, eta 50eko hamarkada erdialdetik 1970ra arteko tarteak izan ziren oparoenak, urte batzuetan 6.000 udatiar etortzera iristeraino. 1970etik aurrera, ordea, hotel batzuk ixtearekin batera, etxe partikularrak hartzeari ere uzten hasi ziren udatiarrak, urzale kopuruak behera egin baitzuen urtez urte. 1983ko uholdeek eman zioten errematea Zestoako uda haiei, Bainuetxea kaltetzearekin batera.

Koro eta Pili Aizpurua, eta Maria Angeles Altuna elkartu ditugu mahai baten bueltan, hiruen gurasoek hartzen zituzten udatiarrak etxean, neurri desberdinean bada ere.

Antonio Altuna eta Segunda Arregik udatiar ugari hartzen zituzten etxean. Erdikalean bizi ziren, Portu tabernaren gaineko lehen solairuan, alokairuan, hiru seme-alabarekin: Juan, Manolo eta Maria Angeles. Maria Angeles Altunak (Zestoa, 1945) kontatu dizkigu garai hartako oroitzapenak.

Zestoako udarak aipatu, eta Maria Angelesek daukan lehen oroitzapena tristurarena da: “Txikia nintzenean, udaro Azkoitiko Madariaga auzoko Agerretxo baserrira bidaltzen ninduten. Etxean laguntzeko txikiegia nintzen, eta han joaten nintzen negar batean hara. Nik kalean geratu nahi izaten nuen. Hiru hilabete pasatzen nituen han, eta festetarako ekartzen ninduten”. 9-10 urterekin hasi zen udak Zestoan pasatzen, “mahai-tresnak lehortzen hasi nintzenean”. Familiako bost kideek egiten zuten lana etxean, gizonezkoek baita kanpoan ere. Dena den, amak egiten zuen lan gogorra aipatzen du Maria Angelesek behin eta berriro.

Inguruko etxeetan logela bila

Jende ugari ibiltzen zen beraien etxean, udara osoa beteta izaten zuten, eta inguruko etxeetan logelak alokatzen zituzten, beren bezeroak lo egin zezaten: “Erdikalean, Sorazunekoak, Bergaratarrak… desiratzen egoten ziren oheak uzteko”. Lau logela zeuzkaten beraiek, eta Maria Angelesen anaia Manolo ibiltzen omen zen etxez etxe logela bila, beraien etxean lekurik geratzen ez zenean; garai batzuetan 35 bat pertsonari otorduak ematen zizkien, eta haientzat guztientzat oheak bilatu beharra izaten zuten. Izan ere, beste etxeetan “kolokatzen” zituzten bezero horiek altunatarren etxean egiten zituzten otorduak. “Beste etxeetara izarak eta toallak geuk eramaten genituen, eta geu arduratzen ginen horiek garbitzeaz ere. Pentsa, garai hartan oraindik ez zegoen arropa garbigailu automatikorik! Hiru egunetik behin aldatzen genizkien toallak, eta hamar egunen bueltan izarak”. Gainera, egunez elektrizitate potentzia gutxi izaten zutela dio, ia guztia Hotel Arocena eta Bainuetxeak hartzen zutelako. Hori dela eta, “goizaldeko ordu bietan jartzen genituen arropa garbigailuak martxan, potentzia orduan egoten zen-eta”.

Gogor lanean

Etxeko guztiok egiten genuen gogor lan, “aitak, goizean goiz jaiki eta lanera joan aurretik arropa-ontzia hartzen zuen, eta hilerrira bidean zegoen alanbrera eraman; gainera, sua piztuta eta ogiak ekarrita joaten zen”. Arropa garbitzeaz gain, ordea, logela bat libratzen zen bakoitzean garbitu egin behar izaten zen, eta lanak hartzen zituzten horretan ere: “guztia fregatu, alanbrearekin pasa, gero argizaria eman, makila batekin beste produktu bat, distira atera eskuilarekin, zapia pasa…”, lurrak bere anaiek garbitzen omen zituzten.

Jatekoa prestatzen ere izaten omen zuen nahikoa lan beraien amak: “bakoitzak bere janaria ekartzen zuen, guk otordu bakoitzerako zer nahi zuten apuntatzen genuen, eta gure amak prestatzen zien janaria. Bati espinakak, besteari borrajak… Gure amak ez zien inoiz kexarik adierazi”. Egunean 30-40 litro esne ekartzen omen zizkien baserritarrek, postreak egiteko, gosaltzeko, afaltzeko… “Lau baserritatik-edo ekarri izan zuten, baina nik gogoan dudana Goikoetxe da, azken urteetan handik ekartzen baitziguten”.

Eguraldi ona noiz egingo desiratzen egoten ziren, egun horietan hondartzara joaten baitziren bezeroak: “urak hartzetik itzultzen ziren, eta tortillak, xerra enpanatuak… prestatzen zizkien gure amak presaka, 11:30eko trenean joan zitezen”. Egun osoa pasatzen omen zuten hondartzan, eta egun horiek aprobetxatzen zituzten etxeko garbiketa sakonak egiteko.

Denboraldia

Denboraldia urriaren 15era arte luzatzen zutela kontatu digu Maria Angelesek, eta festetan ere hartzen zutela jendea: “Beti eskatzen genion amari festetan jende gutxiago har zezan, guk kalera irten behar genuela, baina festa garaian hasten ziren etortzen Zaragoza inguruko herrietakoak; Montañana, Alfajarin, Lugarico…”. Fruta arbola askoren jabeak izan ohi ziren, eta uzta jasotzea bukatzen zutenean hartzen omen zituzten oporrak, uda amaiera eta udazken aldera.

Azkeneko urteetan (60ko hamarkada) Erdikaleko alokairuko etxea utzi eta Arteaga auzunean erosi zuten etxera joan ziren. Han ere, jarraitu zuten urte batzuetan udatiarrak hartzen. Lau hilabetez luzatzen zen denboraldia altunatarrenean, eta azken urteetan, autonomoetan alta eman zuen euren amak; “urte osoan ordaintzen zuen asegurua, artean tabernek ere halakorik ez zeukatenean”.

Inaxio Aizpurua eta Pakita Unanueren alabak dira Pili (Zestoa, 1946) eta Koro (Zestoa, 1956) Aizpurua ahizpak. Beraien oroitzapenez hitz egin digute. Uda haietan Pilik Zarauzko hotel batean eta Zestoako bainuetxean jardun zuen lanean, eta Korok dio 10-11 urte izango zituela. Arteaga auzuneko pisu batean bizi ziren.

Horien etxean ere hartzen zen jendea, neurri apalagoan bada ere. Hiru logela alokatzen zizkien udatiarrei, eta Maria Angelesenean bezala, bezeroek erositako generoa euren ama Pakita Unanuek prestatzen zuen: “Oso sukaldari ona zen”, diote. Aitak ere, lanera joaterako eta itzuleran, etxeko lanei ekiten ziela oroitzen du Korok: “Lanetik bueltan ontziak garbitzen zituen, eta hurrengo egunerako mahaia jarri”.

Hiru belaunalditako harremana

Beraien etxera joateari utzi ondoren ere, eutsi egin zioten hainbat bezerorekin izan zuten harremanari. Urteen poderioz, horietako gehienekikoa galtzen joan da, baina gaur egun, oraindik ere mantentzen dute Zaragozako Marloza herriko familia batekin harremana.

Bi familia hauen arteko historia aspaldikoa da. “Gure aitita eta amamaren etxera etortzen hasi ziren beraien aiton-amonak, Bizkainonera”, azaldu digu Pilik. Gero, bigarren belaunaldia, Bizkainonera joan ordez, beraien etxera etortzen hasi zen udaro. Gaur egun, berriz, hirugarren belaunaldiarekin mantentzen dute harremana: “Zaragozatik pasatzen naizenean, Saloura bidean, geratzen naiz batzuetan beraien etxean bisitan, familian bezala, eta telefonoz ere badaukagu hartu-emana urte osoan zehar”.

Tomas Etxabe eta Justina Urrestillaren semea da Xabier Etxabe (Zestoa, 1966). Lizentziadoneko etxean ere izaten zela saltsa, hala kontatu digu Xabierrek. Familiak lehen solairuko lau logelak alokatzen zizkien udatiarrei, eta beraiek bigarren solairuan lo eginez pasatzen zuten uda.

Ekainaren bukaera eta uztailaren hasiera aldean, hasten omen ziren urzaleak beraienera iristen. Zestoako festen aurretik uzten zien udatiarrak hartzeari: “Batzuk festetarako etorri nahi izaten zuten, Zaragozan fruta arbolak zituztenek adibidez, baina guk festetan ez genuen inor hartzen, familia osoa elkartzen ginen etxean-eta”.

Hasieran logela, gero baita jatorduak ere

Azaldu digunez, Justinak kontatzen omen du hasiera batean logelak soilik alokatzen zituztela, eta jatorduak egitera beste etxeetara joaten zirela bezeroak. Gerora hasi ziren jatorduak ematen beraien etxean, eta besteetan bezala generoa bezeroak erosten zuen, eta beraien amak prestatu; “bakoitzak bere apala zeukan, bazekiten generoa non utzi”. Jangela ere bazuten etxean, familia bakoitzarentzat mahaiarekin.

Urzaleak bai, baina baita pasoko jendea ere

Erreserba gehienak telefonoz hartzen zituztela kontatu digu, uda hasieran egiten zutela plangintza. Dena den, pasoko jendea ere asko izaten zutela dio Xabierrek: “Gogoratzen naiz behin motorzale batzuk lo egiteko leku bila zebiltzala, eta gure portalean motoak sartu eta hartu genituela lotarako, logela bat libre zegoelako. Italiarrak ziren motozale haiek”. Etxean hartzen zuten jende guztia ez zen gaixoa edo urzalea izaten, beraz: “Portugaldar batek, Suitzan irakasle zenak, urtero edo bi urtean behin gure etxean pare bat gau pasatzen zituen, Suitzatik Portugalera bidean”.

Donostian eta kostaldeko herrietan logelarik topatu ez, eta Zestoaraino iristen omen zen jendea: “Donostia tope egoten zen, kostaldea ere beteta geratzen zen… Gogoratzen dut bikote bat haur txikiarekin, Donostian eguna hondartzan pasa eta herriz herri Zestoara iritsi zela, kostalde osoan logelarik bilatu gabe. Bilaketa horrek berak nekea sortzen du, eta gaueko hamaika eta erdiak inguruan iritsi ziren; haiei berdin zitzaien lurrean lo eginda ere”.

Gogoan du turismo bulego bat bazela udaletxean. “Han apuntatzen zuten zein etxe zeuden udatiarrak hartzeko prest, bertara galdezka joaten ziren turistak nora bideratu jakiteko”.

Udatiarren jatorriak

Zaragozarrak, madrildarrak, valentziarrak eta nafarrak ditu gogoan Xabierrek, baita Salamancakoren bat ere: “Salamancatik etortzen zen familiak urdaiazpiko enpresa bat zeukan, eta txorizoa, urdaiazpikoa… ekartzen zituzten”. Giro freskoaren bila ere etortzen zela jendea azpimarratzen du Xabierrek: “xiri-miri egiten bazuen ez zitzaien inporta izaten eta mantarekin gustura egiten zuten lo”.

Etxean hartzen zituzten familia guztiekin zeukaten harremana ez zen berdina. Familia batzuek Xabier beraiekin eramaten zuten hondartzara, Loiolara… argazkitan ikus daitekeenez. Gehienekin harremana guztiz galdu zuten beraien etxera etortzeari utzi ziotenean, baina Sartagudako (Nafarroa) familia batekin zuten harremanari eutsi zioten gerora ere. Familia hartako gizonak aingirak harrapatzea omen zuen gustuko, “hemen harrapatu, garbitu eta izoztu egiten zituzten gero Gabonetan jateko, gutizia bezala”. Gerora ere hainbat asteburutan etorri omen zen bittartetarren etxera, eta baita hauek Sartagudara ere.

Udako egunik beroenetan ere, ekonomiken txapak gori-gori

Garai haiek urrunetik ere irudikatu ezin ditudalako izango da, agian, baina udarako egun beroetan sukaldean ekonomika topera piztuta, eltzeak sutan… han lana egiten etxeko andreak irudikatuta bakarrik haiekiko mirespena etortzen zait burura. Horrez gain, ezin aipatu gabe utzi arropa-garbigailurik gabe arropa eskuz garbitzen zen garaiak.

Euskal Herriko etxeko andrea, indartsua, etxea gobernatzen zuena, etxeko ekonomia kudeatuz… iruditeria horretara joaten zait gogoa.

Maria Angeles Altunak kontatu digu beraien etxean lehenengoz gasezko sua jarri zuten garaia. Beraien amak mesfidati hartu omen zuen hasiera batean berrikuntza, baina berehala jabetu omen zen haren abantailez; su erregularra, egurra zaindu beharrik eza…

Udatiarren egunerokoa

Goizean goiz baraurik urak hartzera joaten ziren udatiarrak, eta bueltan gosaldu egiten zuten. Gero, erosketak egin, bazkaldu eta arratsaldetan hondartzara, siesta egitera edo kalean buelta bat ematera joaten omen ziren, eguraldiaren arabera. Xabier Etxabek azaldu digunez, Bainuetxeraino autobusez joaten ziren urak hartzera, “Hotel Arocenatik Bainuetxerako bidea egiten zuen autobusak, jendez bete ahala buelta eginez”.

Egonaldiak

Urak hartzera etortzen zen jendea normalean 9-10 egunetarako etortzen omen zen, egun kopuru horren bueltan izaten zirelako Bainuetxeko tratamenduak. 15 egunetarako ere etortzen omen zen jendea, baina ohikoena hamar egun inguruko egonaldiak egitea izaten omen zen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide