Paperekoa
ULISES, ZESTOATIK BARRENA
— 2016-05-10Zestoan, film labur bat grabatzekoak zirela esan ziguten. Lantaldearen kontaktuak lortu eta harremanetan jarri ginen. Apirilaren 1ean hasi zituzten grabaketak herrian eta 5ean amaitu. Arocena Hotelean eta Bainuetxean grabatu dute filmaren zatirik handiena. Gainerakoa, Barakaldoko jauregi batean. Filmaren zuzendaria Aitor Gutierrez bilbotarra da, eta aktore lanetan Kandido Uranga, Pako Sagartzazu eta Mikel Ibarguren herritarra ibili dira, besteak beste. Grabaketako azken egunean Bainuetxera gerturatu, eta haiekin egoteko aukera izan genuen.
Hitzordua 21:00etan
Azken egunean Bainuetxean grabatu zuten. Hotela zabalik dago, eta horregatik, gauean egin zituzten grabaketak. Bederatzietan egin genuen hitzordua. Iritsi eta nabarmena zen zerbait grabatzen ari zirela: kamerak, aktoreak, produkzioko langileak… Berehala gerturatu zitzaigun aurrez telefonoz gurekin aritu zen mutila. Lantaldea afaltzen hastekoa zela orduantxe, baina zerbait jan bezain pronto gurekin elkartuko zirela adierazi zigun.
Hamaikak aldera hasi ziren grabatzen eta hurrengo goizeko zazpiak arte aritu behar zuten. Gogorra da horrelako ordutegian lana egitea, baina bestalde, taldeko kideen arteko harremanak estutzeko balio duela adierazi zigun Mikel Ibargurenek. Grabatzen hasi aurretik, zuzendariarekin, Kandido Urangarekin eta Mikel Ibargurenekin aritu ginen.
Aitor Gutierrez zuzendari bilbotarrak Ulises Javier Tomeroren El hotel de los pasos perdidos nobelan oinarritutako film laburra dela kontatu zigun. Huescako idazle horrek, pertsonaia bakartien inguruko nobelak idatzi izan ditu beti. Pertsonaiak, ikerketak egiten, zelatan edo gauza berriak bilatzen jardun ohi dira. Ulises ere ildo horretan egokitzen da. Hotel batera joan da Ulises eta bere helburu nagusia inork ez ezagutzea da. Horretarako, gizona itxuraz aldatzen da etengabe: arropak, ilea, bibotea… Ez du nahi inork ezagutzerik, nahiz eta horretarako ez daukan arrazoi jakinik; besterik gabe, bizitzan ez dauka beste zereginik.
Hasiera batean, Algecirasko hotel batean grabatzea pentsatu zuten. Baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza zuten, eta interesgarria iruditu zitzaien Euskal Herriko txokoren batean grabatzea. Interneten XIX. mende hasierako hotelen bila hasi ziren, Bainuetxekoekin harremanetan jarri, eta herrian beste hotel batzuk ere bazeudela ikusita, Zestoan grabatzea erabaki zuten.
Filma Zestoako eta Bainuetxeko irudiekin hasiko da; beraz Zestoan grabatutakoa dela nabarituko da. Gutierrezen ustez, kanpoko jendeak eta hain urrunekoak ez direnek Zestoa ezagutzeko aukera paregabea izango da.
Zuzendaria oso gustura dago grabaketarekin. Profesional handiekin lan egiteko aukera izan duela dio. Klara Bilbao arropa kontuekin eta aktore lanetan Kandido Uranga, Pako Sagartzazu eta Dani PĂ©rez Prada nabarmendu ditu. Lantalde horri hoteletako kokapenak eta ke pixka bat gehituta, izugarrizko aroma lortzen omen da. Askotan, gauza politak grabatzeko urrutira joan behar dela uste izaten dela aitortu digu Gutierrezek, baina azkenean, etxetik berrogei minutura ari da grabatzen. Zestoa izugarria dela dio.
Bost pertsonaia
Kandido Uranga da filmeko protagonista. Film labur batean, bost pertsonaia batera antzezten dituen lehenengo aldia omen da. Pertsonaia misio jakin batekin sartzen da hotelera, Urangak ziur ez daki zer misio den, beharbada, bere burua ezagutzea izango da. Horretan ere konplot bat dagoela ikusten du, hoteleko langile guztiak bere kontra daudela uste baitu.
Oso gustura aritu dela esan digu eta talde oso profesionalarekin ari dela nabarmendu du. Pertsonaia ere oso berezia da eta hainbeste itxura aldaketek xarma handia daukatela dio. Aurrez esan bezala, filma Javier Tomeroren nobela batean oinarrituta dago. Kandido Urangak idazlea ez zuela ezagutzen aitortu digu, baina orain bere zenbait lan irakurri ditu. Asko gustatu zaio idazlea, idazteko beste modu bat daukala dio, ezohiko modu bat.
Etxetik gertu ari da lanean, lehenagotik ezagutzen zituen Arocena eta Bainuetxea. Arocenan orain dela gutxi aritu da ETB1eko Aitaren Etxea telesailerako grabatzen, baina bestela ere, pare bat ezkontzatan egona dela kontatu digu.
Zestoar bat Ulisesen
Mikel Ibarguren herritarra herriko antzerki taldeari esker ohartu zen interpretazio mundua oso gustuko zuela. Pixkanaka, hainbat proiektutan parte hartzen ari da. Film labur honetan antzezteko aukera suertatu zitzaion eta baiezkoa eman zuen. Horrelako produkzio handi batean aritzen den lehenengo aldia da; beraz, paper txiki bat antzezten du. Hala ere, Ibargurenentzat izugarrizko sorpresa izan da horrelako lan batean parte hartzea, gainera etxean bertan. Zerbitzari italiar baten papera egiten du. Filma nahiko iluna omen da; beraz, bere lana argitasun pixka bat ematea dela dio. Oso esperientzia positiboa izan dela dio Ibargurenek. Oso lantalde profesionalarekin aritu dela lanean, baina oso gertukoak direla dio, une oro taldeko beste bat sentitu omen da.
Elkarrizketen ondoren, grabaketa lanei ekin zieten. Han bertan egoteko aukera izan genuen. Lekua nola egokitzen zuten ikusi genuen, baita hasierako pasarte baten saioak eta grabaketak ere. Gauerdia pasatuta itzuli ginen etxera. Bainuetxean utzi genuen taldea, jo eta su lanean, gau luzea zuten aurretik.
Oier Arregi Artola eta Amaiur Aristi Arregi
Egin zaitez bazkide