Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Atzo egin zuten “Urola Erdia ispiluaren aurrean” sentsibilizazio-kanpainaren aurkezpena Azpeitian, Iraurgi Berritzen garapen-agentziako, Laien ingurumen-eragileko eta Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako, Beizamako, Aizarnazabalgo eta Errezilgo udaletako ordezkarien parte-hartzearekin.
Kanpainaren helburua da Urola Erdiko herritarrei eskualdearen ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-egoera hurbiltzea, eta eguneroko erabakiek lurraldearen etorkizunean duten eragina modu ulergarrian azaltzea. Horretarako, energia, mugikortasuna, lehen sektorea, paisaia, biodibertsitatea eta tokiko ekonomia elkarri lotuta lantzen dira, ikuspegi integratu batetik.
Ekimenaren ardatz nagusia espazio publikoan jarriko diren informazio-panelak dira. Panelek datu nagusiak eta tokiko adibideak eskaintzen dituzte, eta herritarren esku dauden ekintza errealistak proposatzen dituzte, alarmismorik gabe eta tonu eraikitzailean. Horrez gain, sei kokaleku esanguratsutan egindako paisaia-irudi konparatuek (2025–2090) klima-aldaketak eskualdean izan ditzakeen ondorioak ikusgarri egiten dituzte. Datozen asteetan panelak Zestoako kaleetan ere jarriko dira, herritarrak eguneroko ohiturei eta lurraldearen etorkizunari buruz hausnartzera gonbidatuz.
Kanpainarekin batera, esku-orri bat banatuko da eskualdeko etxe guztietara, paneletan jasotako edukiak bildu eta sakontzeko. Ekimenak genero-ikuspegia eta gizarte-ekitatearen ikuspegia ere txertatzen ditu, mugikortasunari, energiari eta kontsumoari lotutako erabakiek pertsona guztiengan eragin bera ez dutela kontuan hartuta.
Kanpaina sei udalek, Iraurgi Berritzenek eta Laienek sustatu dute, eta Elhuyarrek parte hartu du edukien diseinuan eta lanketan. Prentsaurrekoan, Zestoako Udalaren izenean, Iñaki Odriozola Larrañaga izan zen bertaratu zen ordezkaria.