Albisteak
Urola Ikastola BHIko hiru ikasle zestoar Laponian izan dira elkartrukean
— 2023-04-03Joan den martxoaren 14tik 24ra Azpeitiko Urola Ikastolako BHIko 15 ikasle Finlandian, zehazki Laponiako lurretan kokatzen den Tornio hirian izan dira hamar eguneko egonaldi batean. Ikasle horien artean hiru gazte zestoar ere bazeuden: Batxilergoa ikasten dauden Malen Uzkudun, Oihane Alberdi eta Jone Mendia, hain zuzen.
Baltiko Itsasoaren ipar muturrean kokatzen da Tornio. Bertako institutuarekin batera ari da Urola Ikastola BHI Erasmus+ programaren baitan zinema ardatz duen proiektu bat garatzen. Europe on the screen: eKIN. Cinema as a Driving Force for Social Change izena du proiektuak, eta zinearen bitartez bizi garen gizarteetan ditugun arazoez hausnartzen jarri nahi ditu ikasleak. Dinamoa sormen gunea ere partaide da proiektuan.
Zine-klub jarduerak egin, hizkuntza zinematografikoaren gaineko tailerrak jaso edo ikus-entzunezkoen ekoizpen guneak bisitatu dituzte Laponian, eta euren ikaskide finlandiarren etxeetan hartu dute ostatu. Ikasleen esanetan, “hamar egun bada zerbait eta lana egiteaz gain, dibertitzeko aukera franko ere izan dute: izoztutako itsasoan ibili edo eskiatu, elur-oreinek tiratako leran ibili edo turismo pixka bat egin, esaterako”.
Laster, Aste Santuko oporren ostean, Tornioko ikasleak etorriko dira Zestoa eta Azpeitira bisitan.
Egin zaitez bazkide