Paperekoa

[ERREPORTAJEA] Urolako trena: hil zen, baina bizirik dirau

Argazkia: Ignacio Ojanguren

Mendea beteko da otsailaren 22 honetan Urolako trenak egindako lehen bidaiatik. Mendea bete, Zumaiatik Zumarragara eta buelta, Zestoan lokomotor haren txistu hots berezia entzuten hasi zirenetik. Baina 1926 urrun hartan nola izan ziren kontuak? Egongo zen, orduan ere, gorabehera bat baino gehiago ibilbidearen edo estazioen inguruan; diruak, orduan ere, izango zuen bere pisua, eta ez nolanahikoa… Eta, Zestoan, nola eragin zuen horrek guztiak? Eta zertan zen mundua 1926an? Historia liburuak, orduko aktak, testigantzak, izan ditugu oinarritzat erreportajea osatzeko orduan. Egin dezagun bidaia txiki bat triki-traka artean.

1883an egin zen berrogei urte beranduago martxan jarri zen Urola trenaren lehen aurreproiektua. Orduan egin ziren bailarako herri guztietako ordezkari politikoak elkartu zituen bilerak (tartean Zestoakoak, noski) eta ikusi zen trenbidearen beharra; nahi zuten bailarako herriak, Zumaiako portutik hasita, Zumarragan geltokia zuen Ferrocarril del Norte de Españarekin lotzea, eta, hala, itsasorainoko bidea irekitzea. Trenbidea eraiki nahi zuten agintari haien helburua zen Urola bailarako merkataritza-harremanak sustatzea. Garrantzitsua zen, adibidez, Urola behean produzitzen ziren zementu hidraulikoei irteera ematea, eta baita ere, noski, inguruko herritarrek sufritzen zuten garraiobide eskasia gainditu eta mugimendua erraztea.
Hainbat ingeniariren proiektuak eta ibilbide desberdinak ibili ziren eskuartean, baina, azkenean, Manuel Alonso Zabala ingeniariarena gauzatu zen. 1915ean onartu zen proiektu hura, baina enpresa pribaturik ez zen prest agertu eraikuntza hura egiteko. Arrazoiak bat baino gehiago izango ziren. Batetik, eraikuntzaren konplexutasuna eta horrek zekarren kostua, bihurgunez betetako lekua baitzen, tunelak eta zubiak egin behar baitziren… Bestetik, proiektua bera 1910ean egindakoa zen, baita aurrekontua ere, eta, orduko prezioekin alderatuta, eta tartean I. Mundu Gerra pasata (1914tik 1918ra), ekonomiak estuasunak zituen. Enkantea hutsik geratu zenean, Gipuzkoako Foru Aldundia konturatu zen zuzenean parte hartzen ez bazuen trenbidea eraikitzeko itxaropena galdu egingo zela. Orduan, trena eraikitzeko aurrekontu berri bat onartzeko eskatu zuen, eta, zailtasunak zailtasun, aurrekontu berria onartzea lortuta, Aldundiak hartu zuen proiektua bere gain.
Aurreneko harria 1921ean jarri zen, eta lanak 5 urtez luzatu ziren. Zatirik konplexuena Urretxutik Azkoitiara bitartekoa izan zen, eta, guztira, geltokiak barne, 25 milioi pezetako aurrekontua izan zuen azkenean lanak. Garai hartarako dirutza. 1926ko otsailaren 22an egin zuen lehen bidaia Urola tren modernoak, linea elektrikoarekin funtzionatzen zuen lehen trena.

Zestoako ibilbidea eta geltokiak

Detaile asko ziren lotu beharrekoak, eta Zumaiatik Zumarragarainoko tartean trenbide berriak gurutzatuko zituen herriak ere ugari. Udalerri bakoitzak zituen bere gorabeherak, eta Zestoa ez zen gutxiago. Zestoako Udala eta herriko aberatsenak ez zeuden ados Aldundiak bere proiektuan aipatzen zituen ibilbidearekin eta estazioen kokalekuekin, eta hala jasotzen da artxibo historikoetan. Geltoki nagusiaren inguruan hau zioten: “goiko aldetik, hau da, herriko hilerriaren ingurutik (…), eta eskakizun hori aintzakotzat hartu ezin bazen Iri-azpia deritzan tokian, eraiki zedila geltokia”. Aldundiak –alegia, trenbidearen egileak– erabat ezinezko jo zuen trena kanposantu aldetik eramatea, eta Idiazpin geltokia jartzea ere oso garestia zen. Onena, eta merkeena, trenbidea ibaiaren beste aldetik joatea zen.
Zestoarrek ez zuten hain erraz etsi: “Diputazio Txit Gorenak izendatutako batzordeari erregutu behar zaio dagokionaren aurrean bere indar guztia erabil dezala zera lortzeko: alegia, gaur egun proiektuan ageri den Bainuetxeko geltokia

errespetatuz, beste bat eraiki dadila Iri-azpia izeneko tokian, Zestoako geltokia izenda genezakeena”. Baina erantzunik jasotzen ez zutela eta, jarrera gogorra hartu zuen azkenean Zestoako Udalak: “Bidalitako eskakizunei, eta batez ere azkenekoari, erantzunik eman ez zaienez, bistakoa da ez dagoela inolako begirunerik Udalarenganako, eta berriz entzun nahi ez dudanez ez dudala ezer egiten herriaren nahia betetzeko, zera adierazi beharrean aurkitzen naiz: dagokion agintaritzak ontzat ematen badu behintzat, alkate eta zinegotzi karguetatik dimititu egiten dudala; presidentearen azalpenak entzun ondoren zinegotzi jaun denek hitza hartu eta presidentearen jarrera ontzat ematen zutela adierazi zuten, eta beraiek ere dimititu egiten zutela”. Botatako erronka horren eraginez izan zen ala ez oso garbi jakin gabe ere, dakiguna da alkateak eta zinegotziek ez zutela dimisio hori aurkeztu eta bideratu zirela, zestoarren nahieran, kontuak. Baina trenbidearen ibilbidea aldatzea oso garestia zen nonbait, eta, horregatik, Udalak hogei mila pezeta jarri behar izan zituen udal aurrekontuetatik (ordurako dirutza handia). Azkenean, behintzat, egin zen geltokia Idiazpin, eta gaur egun ere ikusgai daukagu oraindik.

Inaugurazio eguna Zestoan

Trenaren inauguraziorako bi egunen faltan Zestoako udalbatzak egindako bilera baten aktan irakur dezakegu otsailaren 22 hartarako prestatu zutena: Urolako burdinbidearen inaugurazioa ahalik eta distiratsuen ospatzea erabaki da, eta horretarako hiribilduko handikiak gonbidatzea, Udalbatzarekin batera geltokiko nasara joan daitezen errege-trenari harrera egitera; Getariako banda kontratatzea berrehun eta hirurogei pezetaren truke, bidaia euren kontura izango delarik eta hogei musikarien mantenua Udalaren kontu; Udaletxeko gelan bankete ofiziala egitea, elizaren ordezkariak, agintari zibilak eta elizakoak gonbidatuta; “Viva España”, “Viva el Rey” eta “Viva la Diputación” jartzen duen taula altxatzea; udalerriko eskola-umeentzat banderatxo batzuk eginaraztea. Herritarrei ardoa eta ogia eskaintzea, pilota partidu bat antolatzea eta zezentxo bat ekartzea herriko zaleek toreatu dezaten plazan”.

Argazkia: Jose Esteban

Ezaguna da Espainiako errege-erreginek (Alfontso XIII.a eta Maria Cristina) egin zutela lehen bidaia hura, eta, testuan ikusten dugunez, herriko jende esanguratsua gonbidatzeko ahalegin berezia egin zen Zestoan, baita herritar xumeen gozamenerako ekitaldi batzuk antolatu ere. Baina zergatik ez zuen Zestoako musika-bandak jo egun hartan? Zenbait iturrik diote herriko musika banda greban zegoela egun haietan, eta horregatik kontratatu behar izan zuela Udalak Getariako taldea.

Gerra heldu zitzaigun

Hamarkada bat zeraman Urolako trenak martxan Franco jeneralaren altxamendua gertatu zenean, 1936ko uztailean. Lehen bi hilabeteetan Loiola gudari batailoiak eutsi zion bailarari, baina irailaren 19an Azpeitiko Udalak zabaldutako bandoan nabari da Nafarroa ingurutik datozen guda taldeak gertu direla eta indartsu datozela. Mendekua espero zezaketen familia eta herritarrei Zumaira eta handik Bilbora alde egiteko gomendioa eman zien Azpeitiko Udalak, eta ehunka izan ziren ihes egindakoak. Atzeraldi hartan, gudariek arerioari bidea zailtzeko material ugari hartu eta leherketa txikiak eragin zituzten Urolako trenean. Bagoiak eta motordun kotxeak eraman zituzten, eta, ibilbidean zehar leherketak eginez, trenaren bidea moztuta utzi zuten denbora batez.
Irailaren 20tik aurrera, behar izan zituen konponketak egin eta gero, Urolako trenak mugimendu handia izan zuen gerra merkantzia eta materiala garraiatzen, Norteko trenak Ormaiztegin zuen zubibidea lehertuta baitzegoen.
Bidaiarien joan-etorri ohikoak ere, gerra garaian, asko gutxitu ziren, baimen berezia behar izaten baitzen. Baina soldaduen joan-etorriak egiteko baliatu zen trena. Adibidez, Ondarroako frontean egon zen Azkoitiko eta Azpeitiko Inazio Donearen tertzioak, Debatik abiatu eta Zumaia, Zestoa eta Azpeititik pasaz, Zumarragarainoko bidaia egin zuen Urolako trenean, eta, gero, gaur existitzen ez den tren batean Eskoriatzaraino eraman tertzioa, 1937ko apirilaren 2an hasi zen Bizkaiko erasoaldian parte hartzeko.
Garai hartan, Zestoako bainuetxea gerra ospitale modura erabili zen, eta zauritu asko Urola trenean iritsi ziren hara.

Bidaia txartelak euskaraz

Gerra zibilaren erdian, 1938 ilunean, Burdinsarearen Zerbitzu Militarraren teniente koronel nagusiaren eskuetara ailegatu ziren Urola trenean erabiltzen ziren bidaia txartelak. Bi hizkuntzatan idatzita agertzen ziren txartelok, alde batean euskaraz eta bestean gaztelaniaz. Bidaia txartel ofizialetan euskara agertzea lege hauste larria zela argudiatuta, trenaren zuzendaria kaleratu zuen berehala teniente koronel hark, txartel haiek saltzearen arrazoiak argitu artean, behintzat. Eta,

 

jakina, aipatutako bidaia txartelak saltzea ere debekatu zuen.
Zuzendariak, kaleratzearen berri jakin bezain pronto, txartel haiek saltzearen arrazoiak eman zizkion, eta argudiatu zion bera, bere ibilbide politikoak argi erakusten zuen moduan, Fronte Nazionalaren jarraitzaile zintzoa zela, semeak Fronte Nazionaleko soldaduak zirela, eta bidaia txartel haiek gerra hasi aurretik hartutako erabaki baten ondorioz zeudela bi hizkuntzetan, bailarako herritar askok ez zekitelako gaztelaniaz eta ez zutelako ulertuko euskaraz jarri ezean. Azaldu zion, gainera, gerrak eragindako material eskasia zela eta, erabiltzen jarraitzeko hautua egin zutela. Baina eskutitz hartan bertan konponbidea ere proposatu zuen: banan-banan txartelen euskarazko aldea estali eta erabiltzeko moduan jartzea.
Dirudienez, eskutitza jaso zuenak ontzat eman zituen argudioak, eta berriz ere lanera itzultzeko moduan izan zen.

62 urteko bidea eta itxiera

Arazo ekonomikoak izan zituen hasieratik Urolako trenak. Errentagarritasunik eza da gure trenaren gainbeheraz galdetuta edonon irakurtzen den arrazoi nagusietako bat. Diotenez, hastapenetan urteko 350.000 bidaiari inguru garraiatzen zituen, eta 1950-1960ko hamarkadetan urtean 800.000 bidaiari izatera iritsi zen. Merkantzien garraioan izandako aldaketak tarteko, ordea, ekonomiak gorabehera handiak izan zituen. Gerra ostean, errepide bidezko garraioa lehenetsi zen, eta trena behartuta egon zen zerbitzua handitu eta hobetzera.
1985ean, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen bere gain trena. Handik urtebetera argitaratutako Sener txostenean, Urolako trenari lotutako zenbait alternatiba planteatzen ziren. 1986an, Eusko Jaurlaritzak zerbitzua eten zuen, trenbideak,

Lasaoko geltokia

instalazioak eta material ibiltaria berritu behar zirela argudiatuta, ez baitzen inbertsio aipagarririk egin inauguratu zenetik. Gainera, Eusko Jaurlaritzak urtebeteko epean bideragarritasun plan bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen. Tarte horretan, Gipuzkoako ahaldun nagusi Imanol Murua Arregik trenaren bideragarritasuna defendatu zuen. Oro har, bazirudien erakunde publikoak harro zeudela interes soziala errentagarritasun ekonomikoaren gainetik jarri izanaz, eta ematen zuen azpiegitura berritzeko beharrarekin kontzientziatuta zeudela.
Zerbitzuaren etenaldi hura zerbitzua berriz martxan jartzeko data zehatzik gabe egin zen, eta ordezko modura autobus linea bat jarri zen. Azken trenak 1986ko uztailaren 12ko 20:09an eta 21:10ean atera ziren Azpeititik, Zumaira eta Azkoitira, hurrenez hurren.
Zerbitzua eten eta urtebetera, 1987ko azaroan, konponketa txiki batzuk bakarrik eginda, Eusko Jaurlaritzak trena berritzeari buruz harturiko erabakian atzera egin zuen, eta bideragarritasun plan berri bat eskatu zuen, nahiz eta artean ez zen aipatzen itxierarik.

Trena berriz martxan jarriko ez zenaren zurrumurrua indarra hartuz joan zen, eta 1988ko urtarrilean manifestazioak egin ziren itxieraren kontra. Urola bailarako alkateek ere, Zestoakoa tarteko, dokumentu bateratua sinatu zuten garai hartan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatuz bere hitza betetzeko, bideragarritasun plana aurkezteko, eta trena berriz ere martxan jarri ondoren beharrezko zituen berrikuntzak egiteko.
1988ko otsailaren 2an itxi zen, ordea, behin betiko Urolako trena.

ZERTAN MUNDUA ZEN 1926an?

• Forrest River-eko sarraskia gertatu zen Australian, eta 300 aborigen baino gehiago hil zituen poliziak 18 egunetan.
• Bailara honetan Urolako trena inauguratu zuten urte berean, Lazkao Txiki bertsolari mitikoa, Kubako Iraultzaren buruzagi Fidel Castro eta Zinaida Portnova ekintzaile komunista jaio ziren —azken horrek, beste sabotaje ekintza askoren artean, Bielorrusian sukaldeko laguntzaile gisa lana lortuta, goarnizio baten bidez ehun nazi baino gehiago pozoitu eta hil zituen—.
• Bigarren Karlistaldian apaiz kargua utzi eta gerrillari talde baten buru izan zen Santa Kruz apaiz gerrillaria hil zen erbestean, Kolonbian.
• Benito Mussolini Italiako diktadore faxista hiltzen ahalegindu ziren bi aldiz 1926an; apirilean, Violet Gibson irlandarrak egin zion tiro Erroman, eta urrian Anteo Zamboni gazte anarkista italiarrak; ez zuten lortu hura hiltzea, ordea.
• Haurrentzako euskarazko lehen komikia iragarri zuen Argia astekariak: Txistu. 1927ko urtarrilean ikusi zuen argia, eta, hamabostean behin, hamasei zenbaki argitaratu zituzten.
• Giza-zoo bat ireki zuten Donostian, Igeldoko jolas parkean. Senegalgo hiru tributako 102 pertsona jarri zituzten han ikusgai, haietatik hamabost haurrak. Europan ohikoa izan zen urte haietan kolonietako natiboekin halako giza zooak antolatzea, haien irudi estereotipatua hedatu eta praktika kolonialista justifikatzeko.
Iturria: argia.eus/efemerideen-kanala

Itsaso Zubiria Etxeberria




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide