Urolako trena: zenbait oroitzapen
Danbolin— 2026-03-09Urolako trena inauguratu zela jada ehun urte bete dira otsailaren 12an. Urtemuga hau dela eta aipamen ugari ikusi ditut aldizkari eta bailarako hedabideetan. Saiatu naiz horiek irakurtzen, eta baita argitaratu diren argazki zaharrei begira gozatzen ere.
Urola bailara zeharkatzen zuen tren honetan askotan ibilitakoa naiz, nahiko ondo ezagutu nuen egia esan. Jasota ditudan oroitzapenekin batera, goraipamen txiki bat egiten saiatuko naiz ondorengo lerroetan.
Hasteko, esan beharra daukat trenbide honek abantaila ikaragarria ekarri ziola Urola bailarari; izan ere, bertako herri eta auzoen arteko mugikortasuna asko erraztu baitzuen. Bailarako herriak lotzeaz gain, Espainiarako irteera ere bideratu zuen, Zumarragan pasatzen den Norteko trenarekin lotura eginez.
Abantailari dagokionez adibide bat ematekotan, esango nuke gaur egun Ameriketara joan-etorria egun batean egitea bezala izango zela garai haietan Zumaiatik Zumarragara joan-etorria egitea.
Lehen aipatu dut bailarako hedabideek albiste asko argitaratu dituztela urte-muga honetan, eta nik ere tren honekin izan ditudan bizipenak kontatuko ditut ondorengo lerroetan.
Lehen aldiz tren honen berri haurra nintzela izan nuen, baserrian bizi nintzela alegia. Ilunabarrean atariko zelaira irten, eta trena pasatzen zenean tximista ugari ikusten nituen; harriduraz begiratzen nien. Zestoatik Bainuetxerako bidean ondo ikusten zen trena atariko zelaitik, eta tximista hauei begira askotan egon izan nintzen. Urruti ikusten nituen, eta ez nuen beldurrik; ekaitzeko tximistak ez zirela banekien, ondoren ez baitzen trumoirik etortzen.
Tximista hauei esker Zestoa osoa ikusten nuen. Gaur egun trenek ez dute horrelako tximistarik ateratzen, ezeztagailuren bat izango dute nonbait.
Ez ziren urte asko pasako tximista haiek ikusten hasi nintzenetik trena hartu nuen arte Azpeitira joateko. Ama azokara joaten baitzen, eta laguntza behar izaten zuenez, ni beti prest eta irrikatan egoten nintzen trenean ibiltzeko.
Astoa Benta-Peligro deitzen diogun etxearen ondoan lotzen genuen, eta handik eskuan hartzen genituen saltzeko elikagaiak. Ondoren, Bainuetxeko geltokian hartzen genuen trena. Errepidetik ez ginen joaten, astoa kotxeak ikustean beldurtu egiten baitzen. Baserritik asko irten gabe artean eta Azpeitira trenean joatea zoragarria izaten zen niretzat.
Urte batzuk gehiago izango nituen, ez asko, tren hau hartu eta Zumarragara bakarrik joaten hasi nintzenean. Geltokiak ez nituen ezagutzen, baina nola bidaia han amaitzen zen eta arreba zain egoten zen, ez nuen arazorik izaten. Hori bai, arrebak beti ematen zidan zerbait baserrirako, Zumarragan Orbegozo lantegiak zuen ekonomatuan gauzak merkeago egoten baitziren. Erosketa haiek kapazuan hartu eta galtzada nik baino alaiago zeharkatzen zuenik ez zen asko izango. Gogoan dut koinatuak feria batean bi txerrikume erosi zituela baserrirako, eta tapa zuen otarra batean ekarri nituela etxera.
Ondorengo urteetan lagunekin festara eta hondartzara joateko ere erabili nuen trena. Egun bereziak izaten ziren, eta guk bezala ordu berean hartzen zuten beste askok ere. Gogoan dut gainezka eginda joaten zela: leihoak gora jasota, askotan zutik, eta paisaiari begira.
Geroztik ere askotan erabili nuen tren hau, baina gaztetako ilusiorik gabe, jakina. Ohitura bihurtu zen nonbait, eta garai hartako oroitzapen berezirik ez dut.
Oroitzapen bereziak, ordea, trena gelditu zenekoak baditut. Zenbat manifestazio eta protesta egin ziren, batek daki. Nire argazki-zaletasunak bultzatuta, irudi haiek jasotzen saiatu nintzen, eta jasota ditudanez, urte-muga honetan begirada bat eman diet.
Gure belaunaldiak ezagutu duen tren berde hau 1926. urtean inauguratu zen, eta 1988. urtean gelditu zen betirako.
Nire oroitzapen hauei amaiera emateko, askotan entzun nuen pasarte bat aipatuko dut. Bazen Aizarnan “Erretore xaharra” deitzen genion apaiz bat, eta haren pasadizoa omen da hau. Geltokira atzerapenarekin zijoan nonbait, eta iristerako trena pasatzen ikusi zuen. Orduan honela esan omen zion trenari: “Madarikatua! Gaur zuzen etorri haiz; ea hurrengoan ere hala etortzen haizen, ni geltokian zain egon gabe.”
Jon Egiguren

Egin zaitez bazkide
