Albisteak

Urrezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria lortu du Zestoako San Juan Fundazioak

Zentzu guztietan urte biribila izango da aurtengoa San Juan Fundazioarentzat. Sortu zenetik 100 urte bete diren honetan, hori gutxi balitz, Euskadiko kudeaketaren errekonozimendu gorenaren saria lortu du Eusko Jaurlaritzaren eskutik; Urrezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria. Aintzatespen honekin praktika aurreratuak dituzten erakundeak saritzen dira, bere bezero, langile eta gizartea orokorrean kontuan izanik. 2015ean Zilarrezko A lortu zuen Fundazioak, eta azken urte hauetan egindako lanaren emaitza da orain lortutakoa. Sari banaketa ekitaldia hurrengo abenduaren 18an ospatuko da, Gasteizko Europa Jauregian 18:30ean.

San Juan Fundazioak, Egoitza, Eguneko Zentroa eta Etxebizitza Babestuak kudeatzen ditu, guztira 55 erabiltzaileei bere zerbitzuak eskainiaz, 45 pertsonez osatutako lan taldearen bidez. 100 urte bete ditu 2019. urte honetan. Herritik sortutako erakundea izanik, herrira begira ari da lanean gaur egun ere, bereizten dituen gertuko zerbitzua lehenetsiz.

Jaso berri duten saria pozez hartu duten arren, “zaintza arloan oraindik lan asko dagoela egiteko ” nabarmendu dute, horren adibide, zaintza arloan dagoen gatazka egoera azpimarratuz. Eta duintasunaren alde borrokan, eragile desberdinekin bere indarrak batzeko konpromisoa adierazi du San Juan Fundazioak.

(argazkiak 2015ean zilarrezko saria jaso zutenekoak dira)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide