Paperekoa
Urtebete whiskiari ematen diodala – Aimar Etxeberria
— 2017-05-31Daitort. Amua izan da, zure arreta neureganatzeko trikimailua. Bada zerbaiten urteurrena, baina ez (zorionez) nire alkoholismoarena. Hori lehenagotik dator (broma hori ere). Barka makabroegia izaten ari banaiz, baina agian iparraldeko lurretan egin dudan denborak umore beltzera gerturatu nau. Hara, horra urteurrenaren arrazoia: urtebete da Zestoa utzi eta Edinburgo destino hartu nuela, urtebete whiskiaren herrialdera etorri nintzela.
Bi arrazoi ditu gazte batek sorterria uzteko: beharra edo nahia. Bueno, ba nik hirugarren aterabide bat aurkitu nuen (distantziakidetasun madarikatua). Bere alea jarri zuen beharrak, eta nahiak egin zuen gainerakoa. Ados, gehiago izan zen nahiaren kontua; tenkatuegi zeuden soka batzuekin apurtzeko beharra, gainean neraman motxilari harri batzuk erortzen uzteko gogoa. Harrezkero ez dut izan herriminik, bai ordea senide, lagun edo gertukoen beharra. Hil hasieran, baina, berpiztu zidan zerbaitek arra; hautetsontziak kalean ikusteak eragin zidan zirrara.
Gogoan daukat mugimendua abiatu genuenekoa. Durango eta Iruñea lotuko zituen giza katea osatu behar genuen (geure propioa ere egin genuen Zestoan, eskala txikiagoan noski), eta bai osatu ere. Zapiekin jolasean ere aritu ginen, ezberdinen arteko borondateak ehundu asmoz. Eta jakitun ginen berandu baino lehen herritarrei hitza eman beharko geniela, baina a ze bertigoak!
Egin duzue baina, ezin hobeki egin ere. Gertutik jarraitu nuen eguna, bozkatzera azaltzen zen jendearen profilari so. Parte hartze emaitzek onerako harritu ninduten, baina nahiago nuke ezezkoen kopurua (22 ezezko!) handiagoa balitz. Ulertuko du nahi duenak. Kontuak kontu, ereindakoaren uzta jaso duzue; herria (hizki larriz) egin duzue, ezberdinen arteko konplizitateak ehundu dituzue. Harro sentitu nintzen (atzerritik bada ere) bizitakoaz, harro guztiaz eta guztiez.
Aimar Etxeberria
Egin zaitez bazkide