Albisteak
Uztailaren 31rako autokarabanak eta karabanak Ekainberriko bisitarien aparkaleku gisa ezagutzen den eremutik kentzeko agindua eman du Udalak
— 2022-07-20Ekainberriko bisitarientzako aparkaleku gisa ezagutzen den eremua husteko agindua eman du Udalak. Erakundeak, ibilgailuen aurreko kristalean jarritako oharrean jakinarazten duenez, aparkaleku hori auto arruntak aparkatzeko gunea da. Herritarrek egunerokotasunean bere autoa utzi eta kanpoko bisitariak Ekainberri museoa bisitatzeko bideraturik dagoen aparkalekua. Ondorioz, Zestoako Udalak gune horretan dauden autokarabana eta karabanak bertatik kentzea eskatzen du uztailaren 31a baino lehen. Behin aparkalekua hustuta, Udalak galiboa jarriko du aparkaleku sarreran 1,90 metro baino gehiago duten ibilgailuak sartzea galaraziz. Amaitzeko, udaleko oharrak gogorarazten du, “motorrik gabeko karabanak ezin direla espazio publikoan aparkatuta eduki”.
Jakina denez, Udalak Idiazpi mendebaldeko hiri lurrak erosi ditu eta eremu hori ordenatzea du helburu. Hedabide honi ekaina bukaeran Udalak adierazitakoaren arabera, “egun karabana eta autokarabanaz betea dagoenez, Zestoan bisitariek aparkatzeko zailtasun handiak izaten dituzte eta bere garaian udalak aparkaleku hori turismoak erakarritako bisitarientzat egin zuela gogoratu behar da”. Udalak jakinarazi duenez, autokarabanentzako gunea prestatzeko asmoa du, eta gune hori ordenantza bidez arautuko dela.
Egin zaitez bazkide