Uztapideren ausardia ez balitz

Bada urtean hiru aldiz argitaratzen den aldizkari mardul eder bat “Erlea” izenekoa, Euskaltzaindiak argitaratzen duena, eta duela gutxi plazaratu da hamaikagarren zenbakia. Beti edukitzen ditut etxeko kuartoan, eskueran, noizik eta behin artikulu bat edo beste berrirakurtzeko. Oraingo honetan, Felix Ibargutxi kazetari bikainak (zenbat gustatzen zaidan bere idazkera eta aukeratzen dituen gaiak!) idatzitako artikulu bat zuekin partekatzea pentsatu dut. “Antonio Zavalaren editore lan eskerga” du izenburuak, eta han Uztapideri buruz idatzitako kontuetara mugatuko naiz.

1972an, Donostian jaialdi batean zegoela, Josemari Iriondok gaia jarri ziola Uztapideri, kontatzen digu Ibargutxik. Utz diezaiogun berari jarraitzen: “Hau joan zen mikrofono ondora eta, behin eta berriz saiatu arren, aldamenetik Jon Lopategik harriturik begiratzen ziola, ezin izan zuen kantatu. Diotenez, bihotzekoa (arina) izan zuen Endoiako bertsolariak une hartan. Handik hilabete batzuetara, Zavalak bisita egin zion Uztapideri, eta oroitzapenak idazteko konbentzitu. Lorpen handia izan zen. Lortu zuen letra gutxiko gizon bat letren lurraldera ekartzea”. Eta Uztapidek idatzitako koaderno haietatik sortu zen, 1975ean, ‘Lengo egunak gogoan’ liburu zoragarria.

Zavalaren artxiboa Donostiako Koldo Mitxelena liburutegian dago eta aipatutako koadernoa, bertan ez ezik, internet bidez ere ikus daiteke. Lehendabizi, atentzioa ematen du Uztapideren jarrerak, alegia, eskola handirik gabe eta idazteko abilidade handirik gabe nola ausartzen den bere bizitza kontatzera. Ibargutxik ondo esaten digu Uztapideren garaiko baserri-eskolak nolakoak ziren: “Maistra Debako partean egoten zen, Debako baserri batzuetan txandan-txandan. Hiru hilabetetik hiru hilabetera aldatzen zen etxez, eta neska-mutikoak ere hor ibiltzen ziren, baserriz baserri maistraren atzetik”.
Uztapidek, berriz, esaten du: “Irakurtzen ere ikasi genduan frenorik gabeko automobilak bezala; ez puntu eta ez koma. Dena segiran. Guk ez genduan iñon kerarik egiten. Lana ugari ateratzen da horrela”. Eta ikusi besterik ez dago Uztapideren eskuizkribua. Han apenas dagoen punturik, apenas komarik. Uztapidek duela 2.000 urteko greziarrek edo erromatarrek bezala idazten zuen, “scriptio continua”. Normala zen horrela idaztea garai haietan baserri munduan, are gehiago euskaraz (idazten zekiten pixka hura gazteleraz zen).

Pentsatzen jarrita, Uztapidek bihotzeko arin hura pasa ondoren ez bazuen nahiko indar atera; edo zeukan eskola txikiarekin kikildu eta idaztera ausartu ez bazen; edo bere bizipenak kontatzeko modukoak ez zirela pentsatu izan bazuen… bada, oso litekeena da “Lengo egunak gogoan” eta “Sasoia joan eta gero” ez existitzea. Akaso Antonio Zavalak grabatu egingo zizkion kontuak eta gero berak idatzi? Baina zailagoa izango zen dena. Uztapideren jarrerari esker disfruta dezakegu ondorengook bere euskara garbiaz, ederrez eta aberatsez, eta Zavalari esker egon gaitezke begira-begira bertsolariak idatzitako letra haiei guztiei. Amak Salamancara bidaltzen zizkidan kartak ekartzen dizkit gogora niri Uztapideren idazteko moduak; edo hemendik soldaduskara joaten ziren gazteek beren etxeetara bidaltzen zituzten gutunak (“hemen denoc ondo eguraldiya ona zuk ere idatzi…”). Denek, Uztapidek bezala, zekiten pixka harekin aurrera egitea erabakitzen zuten, komunikatzea, elkarren berri izatea… munduan kikilduta geratu ordez.

Uztapideren eskuizkribua interneten ikusteko sakatu hemen




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide