Albisteak

[VICENTE DAVILA] Chata eta Ines, turistak

Chata eta Ines, turistak

Nik ezagutu nituen lehendabiziko turistek Maria Luisa, Chata, eta Ines zuten izena. Desberdinak ziren urtero Zestoara etortzen ziren kanpotarrekiko. Chata eta Inesek bidaiatu egiten zuten. Beren udaldiak Mediterraneoko hondartzatan pasatzen zituzten. Eguzkitako betaurrekoak eramaten zituzten, espartzuzko poltsa eta kapela, sandaliak. Askotan, liburu bat poltsan, hondarretan irakurtzeko.

Ni hamabi urteko mutikoa nintzen 1976ko uda hartan, gure etxera etorri zirenean. Gure arrebak ekarri zituen Madrildik, oporretan atzera berriz familiarekin berriz elkartzera zetorrela. Gran Vueloko, alegia, Don Aquilino eta Doña Olivaren tabernako bezeroak ziren. Han lagun arteko harremana sortu zen, Doña Olivak sustatua, eta denborarekin desagertzen joan zena.

Gure etxean egon ziren bi udaratan familiako oso lagunak egin ziren. Hala, zortea beste meriturik gabe, beren ondoan turista koskor bat bihurtu nintzen; turista maskota txiki bat, orduan Gipuzkoako kostaldeak eskaintzen zituen plazer txikiei oso-osorik emana. Pentsatzen dut orduan sartu zitzaidala turismoaren grina. Grina hori ez zait harrezkero joan.

* * *

Urolako trenaren geltokiak Zestoan –Cestona Villa zioen kartel batek– lorategi ederra zuen zumar altuekin. Lorategitik ate bat igarotzen zen, geltokiburuaren etxera eramaten zuena, eta eskailera batzuk jaitsita, berriz, itxarongelara. Udako arratsaldeetan, hondartzako arratsaldeetan, lehen ordutik Zestoako neska-mutiko jendea eta kanpotar batzuk estu-estu egoten ginen egongelan eta kanpoko jarlekuetan trenbidearen ondoan. Metalezko arbel beltz bat zegoen, paretan zintzilik, non irakur zitezkeen, letra zuriz, Zumarragatik, hau da, gure Urola iristen zen geltokitik, irteten ziren trenen orduak eta norakoak. Itxaronaldian, behin eta berriro irakurtzen nituen izen haiek, neure buruari galdetzen niolarik ea noizbait iritsiko ote nintzen ni leku haietara. Oso urrutikoak iruditzen zitzaizkigun hirietara zihoazen, eskolan aipatzen zirelako edo ume kanpotarren bat hangoa zelako bakarrik ezagutzen genituen hirietara. Zaragozakoa, oso ohikoa. Baina baziren beste izen enigmatikoak ere. Venta de Baños, Fuentes de Oñoro. Orduan ez genekien zer ziren ezta non zeuden ere.

Trena, ibaia zeharkatu ondoren, bihurgune batetik azaltzen zen eta murmurio urduri batek mundu guztia dantzan jartzen zuen. Chatak eta Inesek barre egiten zuten eta bagoiak betetzen uzten genuen. Batzuetan beteta joaten ziren benetan. Eguraldi ona bazen, bagoiek plataforma irekiak eramaten zituzten, atze eta aurre, gazte jendez bete-beteta.

Zumaian Urolatik Baskongadora aldatzen ginen, zeinak Zarautzera –hondartza ospetsuena– eramaten gintuen. Malekoira, oraingoa baino askoz estuagoa, hotelak eta udaldirako txaletak, handik gutxira eraitsiak, ateratzen ziren. Bertakook eta turistek –eta ordurako bazuen Zarautzek nazioarteko turismo hasiberri bat– koloretako marradun toldo polit haietako bat alokatzen genuen hondartzan. Toldoak berekin ekartzen zituen aulki txiki-txiki bat eta eserlekutxo urdin bat. Orduak luze joaten ziren. Chata eta Inesek Papillon irakurtzen zuten, helduentzako nobela bat, orduan modan zegoena. Toldoak eta eserlekutxoak han jarraitzen dute, Zarauzko hondartzan, beti bainu-hartzaileek hartuta.

Baskongadoarekin beste hainbat lekutara ere joan ginen. Debara. Oriora. Xixarionean bisigua jateko ohiturarekin konplitzera. Hara itzuli naizen bakoitzean egun hura etortzen zait burura. Mahai luzeak, koadrodun mantela eta ikatzaren kea eguerdiko berotan toldo zuripean. Arraina, eta cornetea postrerako. Xixario, nahiz eta findu den, apenas aldatu den. Hondarribira ere joan ginen, hondartzara. Eta Donostiara, nola ez!

* * *

Behin Azpeitia aldera gindoazela, Loiolako santutegira, Urolako trena –tren elektrikoa zen– Cestona-Balneario geltokia pasa eta handik gutxira geratu egin zen. Askotan gertatu ohi zen, korronte etenaldiren bat zegoen bakoitzean. Izan zitekeen minutu batzuk bakarrik egotea geldirik, edo une luze bat. Bero handia egiten zuen burdina eta egurrezko bagoi haietan. Kantauri aldeko hezetasunak izerdi likitsa eragiten du egun beroetan. Airea geldi-geldirik zegoen. Aulki bakoitzean borobil bikoitzaren itzala sortu zen, alegia, gure atzeen marka egurrean. Handik gutxira trena abian jarri zen, aienea zirudien sirena hotsa jo ondoren. Segituan trumoi-eraso ikaragarria, hemen galerna deitzen duguna, bota zuen; udan gertatzen dira, sargori aldietan, eta bat-batean etortzen dira itsasotik giroa freskatuz.

Loiolara iritsitakoan, basilikako harri grisek, artean blai eginda, arratsaldeko eguzkiaren islarekin, distira egiten zuten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide