Albisteak

[VICENTE DAVILA] Don Aquilino eta doña Oliva, udatiarrak

Melankolia garaiak direla diote, memorian beti hobeagoak diruditen pasatako garaiak faltan botatzeko unea. 2020 urte hau, urte oso gogorra da denontzat, horregatik botatzen ditugu faltan gauza asko.
Turismo gidariok, beste preofesional askok bezala, eskasia garaia izango dugu. Eta batez ere besarkadak botako ditugu faltan. Tour bateko denbora tarte txikian izan bada ere, gure lagunak izan diren ezezagunei ematen dizkiegun besarkadak.
Hemen aurkezten dizuedan hau, nire blog pertsonalaren zati bat besterik ez da. Hausarketa eta turismo gidari modura izandako bizipenak elkarbanatzen ditut bertan. Eta nola ez nizkion bada nire Zestoa maiteari orri batzuk eskainiko!   (Facebook: @vicentedavila, Instagram: davilabegia, Tumblr (blog): davilabegia)

Don Aquilino eta doña Oliva, udatiarrak

 

Urtero, ekainaren 15ean, kanpotarrak, urzaleak, udatiarrak iristen ziren Zestoara. Udara guztian zehar, animatu egiten zituzten kaleak eta herrian genituen hotel mordoxkak, jarduera mundukoi franko tartekatuz bainuetxeko ura edateko eginbehar saihestezinarekin, hori izaten zen helburua-eta edo, agian, gure herri koskorrera etortzera bultzatzen zituen aitzakia. Kanpotarrek ez zioten inoiz deitu Zestoa. Haientzat beti Cestona izan zen, eta guretzat zestoarrontzat ere, oraindik ere, izen horrek bainuetxeko garaien eta udaldiaren oroitzapena dauka.

Urola bailarako zirrara ginen orduan.

Mutil koskor garaian, 70eko erdi aldean, ezagutu nituen nik ere urte haietako azken aztarnak. Bainuetxeaz gain –garai hartan bere Gran Hotel zaharkituarekin– beste establezimendu asko zabalik jarraitzen zuten, bezero jendea murriztua bazuten ere. Gisasola geltokiaren kontra, Blasa herriaren erdian, Arozena artean dotorea. Irure, Artetxe, Asuntzion gainbehera iragarriz. Nahiz eta baziren kanpotarrak gogor saiatu zirenak azken momentura arte Zestoako udaldia ez uztera, bainuetxeak modaz pasatzen joan ziren. Gizartea aldatu egin zen, eta medikuntza ere bai. Zein gauza irrigarria iruditu izan zen, bat-batean, urak hartzea pastilla batekin dena konpontzen zenean.

* * *

Doña Oliva goiz askotan etortzen zen gure etxera aperitibo orduan. Gure amak, grinatsu, biter Kas bat eta oliba batzuk ateratzen zituen sukaldeko mahaira, eta biak solasaldi bizian murgiltzen ziren, zeinetan beti doña Oliva izaten zen buru. Madrilgoa zen, atsegina, mundua zuen, errespetua eragiten zuen eta bere bisitak ohorea ziren etxerako.

Don Aquilino eta doña Oliva urtero etortzen ziren Zestoara. Andreak bainuetxeko uraren beharra zuen giltzurrunentzako. Ostatu batean egiten zuten bizimodua baina bazkari eta afarietarako beti Herrero tabernara –ospetsua eta herrikoia garai hartan– joaten ziren. Periko –gizena, ile zuria, zepillo moztuta– eta bere arreba Puri arduratzen ziren tabernaz. Mostradore atzean botila ilundu batzuk erakusten ziren, egurrezko apala pintatuetan eta mahatsondoak landuta zituztenetan. Horma guztiak kanaltxodun plastiko berde batez estaliak zeuden, eta nonean-nonean loredun ontziz eta enarez apaindurik, horiek ere plastikozkoak. Dekorazio hori, oso gogoan daukadana, oso modernoa eta chic-a izango zen 60ko garai haietan.

Herrero tabernan nire arreba Matilde ezagutu zuten, gara hartan zerbitzari oso gaztea. Bikoteak dohainak antzeman zizkioten eta urtero eskatzen zioten joan zedila beraiekin lan egitera beren Lavapieseko tabernara, Gran Vuelo zeritzanera. Eta Matilde joan egin zen urte batzuetan, Madrilera, hain urrutira. Zorionez, gure arreba bueltatua izan zen eta, zoritxarrez, doña Oliva zahartzen joan zen eta gure etxea eta Zestoa bisitatzeari laga egin zion.

* * *

Udako gau batean, gau epel eta goxo horietako batean, su hartu zuen Blasa hotelak. Sugarrak herri guztitik ikusten ziren, teilatuak gainditzen zituztelarik. Umeok etxetik atera ginen, gazteak zinetik, kanpotarrak hoteletatik. Denok hura ikusi nahi izan genuen. Jakin genuen sua sukaldean piztu zela eta sugarrek tximinia zulotik gora egin zutela, bezero ikaratuei ihes egiteko denbora emanaz. Ordu gutxi batzuetan ez ziren kiskalitako lau horma baino geratu, eta magnolia eder bat, lorategiaren erdian, keak belztua. Blasa ez zen sekula berreraiki. Herriko gainontzeko hotelak ixten joan ziren hurrengo denboraldietan zehar.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide