Albisteak

“Elikatu Itxaropena” karabanak 6 tona material bidali ditu Saharara

Zestoako Wadna Elkartearen antolakuntzapean, urtarrila eta otsailean zehar jasotako materialak “Elikatu Itxaropena” karabanarekin batera Saharara bidali zituzten atzo. Guztira, 6 tona material bildu dira, Zestoa, Zumaia eta Azkoitian egindako bilketen artean.

Bilketak kalean nahiz eskoletan egin dira, eta hainbat ikastetxek parte hartu dute egitasmoan. Zestoako hiru eskolak aritu dira bilketan: Arroabeko eta Aizarnako eskola txikiak, baita Zestoako Ikastetxea ere. Horiez gain, Azkoitiko Xabier Munibe eta Floreaga Ikastetxeak, eta Zumaiako Ikastetxea ere ekimenean izan dira.

Saharar errefuxiatuentzako elkartasun-karabana

Jasotako elikagaiak Sahararen aldeko “Elikatu Itxaropena” karabanarekin batera bidali dituzte. Euskal Karabana izeneko egitasmo honek Aljeriako Tindufeko kanpamenduetan bizi diren Saharar errefuxiatuei laguntzea du helburu, eta Zestoako Wadna elkarteak, besteak beste, proiektuarekin bat egin du beste urte batez. Ekimen honen bidez, Saharar Herriari elikagaiak helarazi nahi zaizkio, han bizi duten elikadura-krisi larria ahal den neurrian arintzeko.

Harrera-familia izateko izen-ematea

Bestalde, uda honetan Saharar haur baten harrera familia izan nahi dutenek aukera izango dute Oporrak Bakean programaren baitan. Interesdunek Wadna Elkarteko kideekin jarri beharko dute harremanetan. Informazio gehiago eskuratzeko, egin klik hemen.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide