Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.


ARGAZKIA: Zestoako Udala
Atzo, irailaren 25ean, bete ziren 40 urte GALek Xabin Etxaide Ibarguren zestoarra eta beste hiru errefuxiatu politiko hil zituela Baionako Monbar hoteleko atentatuan. Urteurren gogoangarri horren harira, oroimen-ekitaldi hunkigarria egin zuten Baionan, eta bertan izan ziren Xabinen senideak eta Zestoako alkatea, Mikel Arregi, beste hainbat ordezkari publikorekin batera.
Ekitaldia Baionako Pannecau karrikan izan zen, atentatua gertatu zen leku berean. Han elkartu ziren senideak, herritarrak eta Euskal Herriko hainbat ordezkari instituzional, estatu terrorismoaren aurkako aldarria eta biktimek egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Oroimen-ekitaldian, Xabin Etxaideren senitartekoek hartu zuten hitza, eta azken 40 urteotan jasan duten babes instituzional falta salatu zuten. Azaldu zutenez, herritarren berotasunak eta elkartasunak eman diete indarra, baina instituzioen partetik aitortza ofiziala falta izan da.
Zestoako alkatea bertan izan zen, udalaren ordezkari gisa, eta udalak aitortza instituzionala egin berri du Xabinen hilketaren 40. urteurren honetan. Adierazpen horretan, Xabin Etxaideren hilketa bizitzeko eskubidearen urraketa larri gisa aitortu da, eta oroimenaren, egia historikoaren eta justiziaren aldeko konpromisoa berretsi da.
Ekitaldian, besteak beste, Gogora Institutuko eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Zuzendaritzako ordezkariak, Euskal Herriko hainbat udalerritako alkateak eta kultur munduko ordezkari ezagunak ere izan ziren. Oroimen kolektiboaren garrantzia azpimarratuz, lore eskaintza eta hitzaldi hunkigarriak egin ziren bertan.
Bihar omenaldia Zestoan
Bihar, irailak 27, larunbata, urtero bezala omenaldia egingo da Zestoan. Goizeko 9:00etan Ertxiña mendira egingo dute txangoa, Gurutzetik abiatuta, eta han argazkia aterako dute. Eguerdian, 13:00etan, plazatik monolitora kalejira egingo da, eta jarraian omenaldi-ekitaldia ospatuko da.