Albisteak

Xabin Etxaideri omenaldia egin zaio Zestoan, Monbarreko Sarraskiaren XXXII. urteurrenean

Larunbat honetan Xabin Etxaide omendu da Zestoan. Goizeko 9:00etan Ertxina mendian Etxaideren omenez dagoen monolitora ibilaldia egin dute hainbat herritarrek, eguraldiak lagundu ez badu ere jende dezente izan da bertan. Ondoren, eguerdiko 13:00ean kalejira egin da estazioan Etxaideren omenez dagoen monolitoraino. Estazioan Xabin Etxaideri omenaldia egin zaio.

Monbarreko sarraskiaren XXXII. urtemuga

1985eko irailaren 25ean, Xabin Etxaide eta beste hiru errefuxiatu Baionako Monbar hoteleko tabernan ziren, GALeko bi kide tabernara sartu eta tiroka hasi zitzaizkien. Inaxio Astiasuinzarra, Joxe Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena bertan hil ziren. Xabin ospitalera eraman zuten oso larri, baina berehala hil zen, 28 urte zituelarik.

Gorpua Zestoara eramateko lau egun igaro behar izan ziren. Etxaideren gorpua jaioterrira ekarri zutenean guardia zibil asko izan zen herrian, baina atentatuan hildako besteen herrietan ez bezala, etxera eraman aurretik, gorpua Zestoako kaleetatik igaroarazi zuten herritarrek.

Zestoako Udalak, Herri Batasunaren mozioa onartuz, Xabin Etxaide “herriko gudari” izendatu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide