Albisteak

Xabin Etxaideri omenaldia egingo zaio larunbat honetan

Xabin Etxaideri omenaldia egingo zaio larunbat honetan (irailaren 24) Zestoan. 9:00etan, Ertxina mendira irteera egingo dute, eta 13:00etan Zestoako herrigunean dagoen Xabin Etxaideren omenezko monolitora kalejira izango da.

Etxaideren senide eta lagunek antolatu dute ekimena. Omenaldiaren kartelarekin batera honako idatzi hau argitaratu dute antolatzaileek:

1957ko ekainaren 12an jaio zen Zestoan, Xabin. Lau anai arrebetan zaharrena. Ume mugitu bezain maitagarria.

Zestoako eskolatik, Zarauzko La Sallera joan zen ikasketak egitera. Eta handik Zumarragara delineante ikasketak egitera.

18 urte inguru zituela oporretako ordezkapenak egiten, Danonan hasi zen lanean. Istripu baten ondorioz, esku bateko hatzak galdu zituen.

Zumarragara ikastera joatearekin batera politikara ere hurbildu zen. Frankoren diktaduraren amaieran eta etortzekoa zen trantsizioaren hastapenetan, politizatu zen.

1979ko urriko egun batean, goizaldean, guardia zibila agertu zen etxera eta dena hankaz gora jarri ostean, Xabin eraman egin zuten. 22 urte zituen orduan. Bost egun inkomunikatuta eduki ostean, Martutenen espetxeratu zuten. Gerora Soriako espetxera eraman zuten eta maiatzean atera zen bertatik.

Gerora bere izena sumario batean agertu zenean, Ipar Euskal Herrira alde egitea erabaki zuen. 1982ko urriaren 28a zen. Errefuxiatu garaiko lehen urteak lasai samarrak izan baziren ere, egoera aldatu egin zen GALen agertzearekin. Lasa eta Zabalaren bahiketa, Kattu-ren hilketa eta beste hainbaten ostean… 1985eko irailaren 25ean, Xabin beste hiru lagun errefuxiaturekin zegoen Baionako Monbar hoteleko tabernan, GALeko bi mertzenario sartu eta tiroka hasi zitzaizkienean. Inaxio Astiasuinzarra, Joxe Mari Etxaniz eta Agustin Irazustabarrena bertan hil ziren. Xabin ospitalera eraman zuten oso larri, baina berehala hil zen, 28 urte zituelarik.

Gorpua jaioterrira eramateko lau egun igaro behar izan ziren eta itzulera ez zen tentsiorik gabea izan. Guardia zibil asko izan zen herrian, baina atentatuan hildako besteen herrietan ez bezala, etxera eraman aurretik, gorpua Zestoako kaleetatik igaroarazi zuten.

Zestoako Udalak, Herri Batasunaren mozioa onartuz, Xabin Etxaide “herriko gudari” izendatu zuen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide