Paperekoa
Zahagi-dantza berreskuratuko da aurtengo festetan
— 2017-08-03Luzaroan, iraileko festetako ohitura bat galduta egon da: zahagi-dantza. Juan Jose Saezmira Maixuak detaileekin kontatzen ditu Zestoari Gorazarre liburuan 1920-30eko hamarkadako Zestoako zahagi-dantzaren inguruko zenbait kontu. Garikoitz Mendizabalen Zestoako musika historiaren konpasean liburuan, berriz, 1910eko hamarkadako zahagi-dantzako argazkiak daude jasota. Zestoako festetako programa zaharretan ere ageri dira zahagi-dantzariak eta zahagi-dantzan aritutako herritar batzuk gure artean dira oraindik. Hari horiei tiraka, aurtengo festetan garai batean dantzatzen zen zahagi-dantza dantzatzeko ohitura berreskuratzeko ahalegina egitea pentsatu dute Itxaropena dantza taldeak, Idiakaitz txistulari taldeak eta Zestuko Trikitixa elkarteak.
Zahagi-dantza, aizarnarrek abuztuko festetan, oilasko-biltzean dantzatzen duten dantza da. Inguruko herri askotan ohiko dantza izan dela dirudi, gaur arte mantendu da zenbait lekutan: Aizarna, Deba, Oikia… Zestoan 1940ko hamarkadan galdu zela ematen du.
Badirudi zahagi-dantza inauterietan edo festen bukaeran dantzatu izan dela Euskal Herriko hainbat herritan. Ardoa eta festak bukatu direla adierazten du zahagiak eta makilek lanera bueltatzeko ordua iritsi dela.
Iztuetaren azalpenak
Juan Inazio Iztuetak (1767-1856), dantzaria eta idazlea, Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan, zahagi-dantzaren inguruko azalpenak idatzi zituen. Iztuetaren arabera, zahagi-dantza herri bateko hainbat gunetan dantzatzen zen festetako azken egunean. Hurrengo lerroetan dituzue Iztuetaren azalpenak, garaiko euskaran:
Irteren dira dantza onetara zortzi, amabi, edo amasei lagun, beren Buruzari edo kapitanarekin. Buruzari onek bear du eskuan eraman pordoi luze bat, puntan burni zorrotz batekin, eta beste guziak jorrai bana. Lau dantzarirentzako bear du bostgarren batek eraman zagi puztu bat bizkarrean, eta ibilli bear dute zagidun oek dantzarien atzetik. Dantzatu bear duten toki guzietan, lendabizi buruzariak dantzatu bear du zortzikoa, besteak gelditurik begira daudela; eta ark dantzatzean, oek guziak batean. Zortziko au bukatzean, jotzen du danboliñak atxurrerako soñua, eta orduan asitzen dirade dantzariak atxurrean, soñuaren puntuak, jorraien kolpeakin batean, zuzenkiro daramazkitela. Dantzariak atxurrean asi bezain laister, sartutzen zaiote zagi puztudun bat lau dantzariri erdian, eta oek jorraien kirtenakin, zatitzen dute zagi aizez betetakoa soñuaren azkenengo puntuan, guziak bat batean. Zagia zatitzean, asitzen dira dantzariak atxurrean beste alderontz begira. Baña an ere sartutzen zaiozkate zagidunak atxurle dantzariai erdira; baita oek ere berriro zanpatu zagi aizatuak. Jorrai dantza onekin ematen dute aditzera, bukatu diradela joistalluak, baita ustu ere zagiak; eta ekin bear zaiozkala nor bere lanari, aroikeriari utzirik. Senaera ain egoki onekin oarketutzen dirade euskaldunak, joistalluai utzirik, lanera joan bear dutena.
Herritarren oroitzapenak
Inazio Alberdik (1930) kontatu digu mutil koskorra zela zahagi-dantza dantzatzen zuela: “14-15 urterekin hoteletara joaten ginen diru bila dantzan”. Festetan irteten omen ziren eta Bainuetxera eta beste hoteletara joaten ziren dantza egin eta bandeja edo poltsa pasatuta diru pixka bat ateratzeko asmotan. Herrian ere egiten zutela dio, plazan.
Iñaki Iriondo (1932) eta Karlos Etxeberria (1932) ere ondo gogoratzen dira zahagi-dantzaz, ez omen dute inoiz dantzatu, baina beraiek baino 2-3 urte zaharragokoek nola egiten zuten akordatzen dira. Zahagi-eramaileak, balantzaka ibiltzen omen ziren, nekatu edo mozkor itxurak egiten. Zahagi-dantza eta gero dantzaurrea ere egiten omen zen. Dantzaurrea, soka-dantza edo aurreskua izenez ere ezagutzen den dantza herrikoia da. Askotan autoritateek ateratzen zutela soka diote eta dantzan jakinez gero, dantzatu ere egiten zutela. Karlosek kontatu digu bere aitak, Joxe Mari Etxeberriak, dantzaurrean dantzatzen zuela; alkateordea izan zen eta udaran alkatea ordezkatu ohi zuen, baita dantzaurrean ere.
Zahagi-dantza, Saezmiraren memoriatan
Herritarrak zertxobait gogoratzen dira baina Saezmirak detaile guztiekin jaso zituen zahagi-dantzaren inguruko kontuak Zestoari Gorazarre liburuko atal batean, bera ere dantzariekin irteten zen taldean.
Urtero, amabirjinak amaitutakoan, antzinako dantza bat kaleratzen zen, bertakoa, ezaguna, beste hainbat euskal dantzen antzera: zahagi-dantza. Dozena bat gaztek, batzuek makila biribilduak eskuetan zituztela, eta beste batek bizkarrean zahagia bat zuela, egiten zuten dantza hori. Zahagi eramaileak lehenik amantal zuri bat ipintzen zuen bizkarrean, Elortza ardangelako hauspoz haizez betetako zahagia bizkarreratu aurretik.
Denak berdin jantzita: galtza, alkandora eta alpargata zuriak. Gehienetan zahagi eramailea Alfonso Uranga “Txapero” izan ohi zen. Neurriz kanpoko ttantaz bustitzen bazuen eztarria, aparteko hizlari bihurtzen zen, tartean hitz potolo asko jaurtiz. Alfontso nire laguna zen eta tronboia jotzen zuen, Enrike Anterok eta neuk bezala. Hura hirukotea osatzen genuena!
Taldeburu, horretan ez zegoen zalantzarik, Joxe Mari Barrena izan ohi zen eskuineko eskuan ezpata luze bezain zaharra zeramala. Berak ematen zion hasiera dantzaldiari, txistuaren doinuen airera. Nik poltsa pasatzen nuen kanpotarren artean. Gustuko langintza nuen; izan ere, txanpon batek edo bestek Blas Barrenaren poltsarako bidea egin beharrean nire patrikarakoa egiten baitzuen. Horrela, Tomas Alkortaren estankoan kanariar zigarro pakete bat erosteko modurik izaten nuen.
Hotel guztiak pasatzen genituen, kanpotarrak dantzaldiaren ikusle zirela. Nik berehala pasatzen nuen poltsa, eta gero Blasek jasotzen zuen dirua. Baina egia esan behar badut Blasek ez zuen bildutako dirua jasotzen. Bainuetxean dantza egin ahal izateko, beharrezkoa zen aurrez baimena eskatzea. Horretarako hobea zen Don Pako baino Joakin Meoki. Hala ere, inoiz ez ziguten sarrerarik ukatu. Gainera, hantxe biltzen genuen dirurik gehiena. Bainuetxetik Benta Peligrora, han oso harrera ona egiteaz aparte, beti ateratzen ziguten eztarria bustitzeko edaria.
Herriko plazan, barrerak oraindik kendu gabe egon ohi ziren, kalean zebiltzan kanpotarrak eta hoteletatik kanpo etxe partikularretan ostatu hartzen zutenak zain izaten genituen. Jende hark diru gutxiago zuen, baina agian eskuzabalagoak ziren. Horrela, plaza nagusian aurreskua dantzatzen zen, eta baita beste dantza berezi bat ere., Joxe Mari Barrenak oilasko-dantza egiten baitzuen. Plazan oilaskoa lurperatzen zuten, lepoa bistan zuela eta Barrenak ezpatarekin lepoa moztu behar zion. Kapitain ezpatadunak begiak estalita edukitzen zituen eta ikusleen oihuez bilatu behar izaten zuen oilasko gizajoaren kokapena.
Jasotzen genien diruarekin herriko tabernaren batean izugarrizko afaria egiten genuen. Jakina, jasotako diru guztiarekin ez. Zergatia lehen argitu dut. Ez dago inolako zalantzarik, zuhaitza onak inguruan beti itzal ona. Eta ni poltsa inguruan ibiltzen nintzenez… Gogoan dut kanariar zigarro pakete batek hogeita hamar xentimo balio zituela, eta nik lagun artean banatzen nuen. Gorde ere zerbait gordetzen nuen, kanariar zigarrorik erosi ezin zutenei emateko.
Festetako programetan eta Ahora egunkarian
1920-40 hamarkadetako festetako programetan ikus daiteke ia urtero egiten zela zahagi-dantza. Programetan ez ezik, garaiko egunkari batean ere topatu dugu Zestoako zahagi-dantza. XX. mendeko lehenengo hamarkadetan gure herrian turismoak izan zuen eragina dela eta son handia hartu zuen Zestoak, garai hartako egunkarietan ohikoak izaten ziren Zestoari buruzko albisteak. Ahora egunkari grafikoko 1935eko iraileko alean zahagi-dantzari buruzko albistea agertzen da. Makila-dantzariek zahagi-dantza zaharra Bainuetxean dantzatzen dutela dio, guztiz festa euskaldunarekin udako kolonia alaitzeko asmotan.
Irailaren 10ean, 20:00etan
Zahagi-dantza eta dantzaurrea egiten zirela jakinda, hasieran esan bezala, Itxaropena dantza taldea, Idiakaitz txistulari taldea eta Zestuko Trikitixa elkartea ohitura hura berreskuratzeko asmotan dabiltza. Oraingoz, zahagi-dantza berreskuratuko da eta ea datozen urteetan dantzaurrea egitera ere animatzen diren. Irailaren 10ean, 20:00ak aldera irtengo dira zahagi-dantzariak eta musikariak udaletxe azpitik. Herriko zenbait gunetan dantzatzeko geldialdiak egingo dituzte eta azkenik plazan dantzatuko dute.
Antolatzaileek, 14 urtetik gorako herritarrak zahagi-dantzan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Entseguak abuztuaren 29an 19:30ean eta irailaren 5ean 19:30ean izango dira. Izen-ematea: 679871322 telefonora whatsap mezua bidalita, izen-abizenak eta adina adierazi. Izena emateko azken eguna, abuztuaren 22a.
Egin zaitez bazkide