Albisteak
Zarautzeko Larrialdi Anbulatorioko langileek mozioa aurkeztu zuten azken udalbatzarrean eta aho-batez onartua izan zen
— 2024-03-12Zestoatik hurbilen aurkitzen den etengabeko Arretako Gunea (EAG), Zarautzeko anbulatorioa da. Azken urtean bertako egoerak okerrera egin duela eta, bertako langileak, Zestoan pasa den ostegunean (martxoak 7) egindako udalbatzarrean mozio bat aurkeztu zuten. Udal taldeko kideek aho-batez onartu zuten ondorengo eskaera:
Larrialdi anbulatorioko (EAG) egoerak okerrera egin du duela urtebetetik gutxi gorabehera; izan ere, larunbat, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 21:00etara lan egiten zuen bigarren medikuaren (mediku titularra indartzera zetorren medikua) falta nabaritzen hasi zen. Orain, bigarren medikua ia ez da existitzen eta, gehienetan, mediku bakarra aritzen da lanean.
Horrez gain, Aste Santutik aurrera, egun askotan, guardia tarte batean, edo baita guardia osoa ere, medikurik gabe egoten da zerbitzu hau, eta erizaina eta zeladorea dira larrialdi-anbulatorioa artatzen duten bakarrak.
Egoera horren aurrean, honakoa eskatzen diogu Zestoako udalari:
– Eusko Jaurlaritzari eskatzea larrialdiko 3 estamentuak une oro mantentzeko: familia medikuntza, erizaintza eta administrazioa.
– Eusko Jaurlaritzari eskatzea (EAG) ez inoiz ixteko, hau da, astelehenetik ostiralera 17:00etatik 08:00etara, eta asteburu eta jaiegunetan 09:00etatik 09:00etara (24 ordu) mantentzea.
– Eskaera hauek Eusko Jaurlaritzako osasun sailari helaraztea.
Egin zaitez bazkide