Albisteak

Zerga eta tasak izoztu eta kiroldegiko ordenantzan zenbait aldaketa egitea adostu du udalbatzak

Zerga, tasa eta prezio publikoak izoztea erabaki du Zestoako Udalak. Atzo iluntzeko udalbatzarrean aho batez hartu zuten erabakia bi alderdietako ordezkariek. Mikel Arregi Ertxin alkateak azaldu zuen Covid19ak sortutako kalte ekonomikoak sufrituko dituztenak herritarrak direla eta hori  kontuan izanda hartu dutela erabakia.

Era berean, kiroldegiko ordenantzetan zenbait aldaketa egitea onartu zuten. Azaroaren 4an urtebete beteko da kiroldegia zabaldu zutenetik. Denbora honetan, kiroldegiaren funtzionamenduaren eta bazkideen inguruko datuak bildu dituzte eta datu horiek ikusita, zenbait aldaketa egitea erabaki dute.

Hemendik aurrera, gizarteko egoera zaurgarriean dauden sektoreek bazkide egiterako orduan hobariak izango dituzte hala nola, alargunek, elbarriek… Bestalde, bazkide egiteko gutxieneko adina 16 urtetik 12 urtera jaistea erabaki dute. 12 urtetik gorako gaztetxoek  bazkide egin ahal izango dute baina gimnasioko zenbait jarduera egitea debekatuta izango dute, beraien garapen fisikoan izan dezaketen kaltea ekideteko. Atzo hartutako erabakieran arabera, 2021etik aurrera, federatuek tasa bat ordaindu beharko dute kirol instalakuntzak erabili ahal izateko. 12 eta 16 urte bitartekoek prezio bat izango dute eta 16 urtetik gorakoek beste bat.

%25eko hobaria

Covid-19aren krisiaren ondorion kiroldegia zenbait hilabetetan itxita egon denez, erabiltzaileek hobaria izango dute 2021eko bazkidetza egiterako orduan. 2020an urte osoko bazkidetza ordainduta duten bazkideek, %25eko deskontua izango dute 2021eko kuotan. Bestalde, 2021ean bazkide izaten jarraitu nahi ez dutenei, kuotaren %25a itzuliko zaie.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide