Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Atzo arratsaldean, urriaren 2an, Alonderon egin zen Argiolak antolatutako aurkezpen batzarra. 50 lagun inguru elkartu ziren bertan, eta elkarteko kideek azaldu zituzten datozen hilabeteetan Zestoan eta Iraetan martxan jarriko dituzten instalazio fotovoltaiko berriak, baita herritarrek izango dituzten parte-hartze aukerak ere. Giro parte-hartzailea nagusitu zen, eta herritarrek galderak egiteko zein zalantzak argitzeko aukera izan zuten.
Argiolako kideek berriro ere nabarmendu zuten, aurrezteaz gain, proiektuan parte hartzea bertakoa eta berriztagarria den energiarengatik eta burujabetasun energetikoaren aldeko hautua egitea dela.
Aurkezpenaren ostean, gogorarazi zuten urriaren 6tik 10era bitartean, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 17:30etik 19:30era Zestoako Jubilatuen tabernan izango direla. Saio horietan argindar fakturak aztertuko dituzte eta proiektuari buruzko azalpen pertsonalizatuagoak emango dituzte.
Halaber, Argiolak iragarri du urriaren 10ean egingo dutela ezohiko batzarra, orain artekoaren inguruko balorazioa egiteko eta etorkizuneko erabakiak hartzeko. Bestalde, gogorarazi zuten Aizarnan eta Arroaban oraindik ez dutela sarera lotzeko baimenik lortu, baina laster albiste onak izatea espero dutela, eta eskerrak eman zizkieten bazkideei orain arteko pazientziagatik.