Albisteak

Zestoa Futbol Taldea kopako finalaren atarian kanporatu zen Donosti Cup-ean, penaltietan galdu ostean

Pasa den astean jokatu da Donosti Cup, Nazioarteko Futbol Txapelketa entzutetsua. Txapelketa hau Estatuko futbol hitzordu garrantzitsuenetako bat bihurtu da dagoeneko, eta munduko 30 herrialde desberdinetako 900 talde baino gehiagok hartu dute parte 33. edizio honetan.

Gipuzkoako 60 futbol zelai baino gehiagotan jokatu dira partidak, eta Iraetako futbol zelaia ere egoitza izan da beste behin, guztira 18 partida hartuz.

Zestoa Futbol Taldeko talde bat ere aritu da lehian, B19 kategorian, hau da, 19 urtez azpiko mutilen artean. Lehen fasean, lau taldek osatutako multzoan hirugarren sailkatu ziren: lehenengo partida galdu, bigarrena berdindu eta hirugarrena irabazi ondoren. Hori horrela, Europa League-ko fasera sailkatu ziren, eta hor bertan hiru partida irabazita finalerdietara iritsi ziren.

Larunbat arratsaldean izan zuten kopako finalerdietako partida, Axular Lizeoa B taldearen aurka, Donostiako Berio futbol zelaian. Partida hutsean bukatu zenez, penaltietan erabaki zen kanporaketa eta 3-4 gailendu ziren donostiarrak, finalaren atarian txapelketatik kanpo geratuz.

Hona hemen Donosti Cup txapelketako partidetako hainbat argazki:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide