Albisteak

Zestoak hartuko du Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketaren lehen hitzordua

Datorren ostiralean, urtarrilaren 23an, bertso giroa izango da nagusi Zestoan: Gipuzkoako Herriartekoaren lehen faseko saioa jokatuko da Harresi tabernan, gaueko 22:00etan, eta etxeko taldea Azpeitikoen aurka ariko da.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatuta, Gipuzkoako Herriartekoa taldekako bertsolari txapelketa martxan da. Aurtengo edizioan, txapelketaren lehen fasea eskualdeka jokatuko da, eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako bertso-eskoletatik zazpi talde aurkeztu dira.

Txapelketa gaur aurkeztuko da Villabonan. Aurtengo berrikuntza nagusietako bat da lehen fasearen antolaketa eskualdeka egitea; horren ardura eskualde bakoitzeko bertso-eskolen esku egon da. Urolako eskualdean, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatu du lehen fasea, urtarrilaren 23tik martxoaren 13ra bitartean. Martxoaren 13an jokatuko den eskualdeko finaleko irabazlea bigarren fasera sailkatuko da.

Lehen faseko lehen saioa urtarrilaren 23an jokatuko da Zestoan. Saioa gaueko 22:00etan izango da, Harresi tabernan, eta bertan Zestoako taldea Azpeitikoen aurka ariko da.

Zestoako taldeak Erraia izena du, eta honako bertsolariek osatzen dute: Gorka Olaizola Goenaga, Oskar Alberdi Etxabe eta Aitor Salegi Martija. Saioetako gai-jartzailea Aitor Zabala Eguren izango da, eta epaile lanetan Joritz Zunzunegi Irure arituko da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide