Albisteak

Zestoako eta Arbizuko alkateek palestinarren eskubideak aldarrikatu dituzte Altsasun egin den ekitaldian

Gaur, azaroak 29, Palestinari elkartasuna adierazteko nazioarteko eguna da eta Altsasun ekitaldi jendetsua egin da. Zestoa 2009tik dago Bir Zeit herri palestinarrarekin senidetuta eta, hori tarteko, bertan izan da Mikel Arregi alkatea eta adierazpen bateratua irakurri du Patxi Razkin Arbizuko alkatearekin batera.

Adierazpenean, palestinar herriari elkartasuna adierazteaz gain, Euskal Herriko CAF enpresari eskari bat egin diote. Zisjordania eta Okupaturiko Ekialdeko Jerusalem lotuko dituen tranbia egiteko kontratua eskuratu du CAF enpresak. Kontratu hori bertan behera uztea eskatu diote adierazpenean, legez kanpoko proiektu honek nazioarteko legedia urratzen duelako.

Bi dira Euskal Herri osoan Palestinako herriekin senidetuta dauden udalerriak. Arbizuk 2005ean egin zuen senidetze-hitzarmena Marda herriarekin eta Zestoa 2009an egin zuen hitzarmena Bir Zeit herriarekin. Hamar urte bete dira aurten, beraz, Zestoa Palestinako herriarekin senidetu zenetik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide