Albisteak

Zestoako herriguneko kultur azpiegituren hausnarketa hasi dute herriko eragileek

Duela 28 urte Zestoako Kultur Etxea ireki zenetik, gizartea, kultur jarduerak eta herriko kultur eragileen beharrak ere izugarri aldatu direla ikusita, Zestoako Udalak herriguneko azpiegituren inguruko hausnarketa bultzatu nahi du eta bide horretan, herriko eragile ezberdinetako kideekin bilera egin zuen atzo arratsaldean.

Kultura baldintza kaskarretan

Eragile denek uste dute Kultur Etxearen baldintzak oso kaskarrak direla eta bat egiten dute Zestoako Udalak, hausnarketa deialdian, egindako diagnostikoarekin: Musika Eskola zein Banda oso baldintza kaskarretan dabiltza lanean; Gazteen Asanbladak ezinezkoa du hainbat jarduera eta egitasmo gaur egun daukan lokalean egitea; Jubilatuen tabernaren izaera ere nahiko kolokan dago; Euskaltegiak ez du, inondik inora ere, baldintza egokirik irakaskuntzarako; Kultur Etxearen zati handi bat oraindik ikastetxeak dauka bereganatuta; Itxaropena Dantza taldeak ez du leku duinik; hainbat ikuskizunetarako eta entsegutarako (musika, antzerkia…) ez dago azpiegitura egokirik, behar den bezalako antzezleku eta edukierarekin…

Azpiegituren mapa

Bileraren hasieran, alkateak egoeraren azalpen orokorra egin zuen, udal jabetasuneko lokal eta eraikinen inbentario azkar bat egin eta etorkizunean kultur azpiegitura berri bat egin beharko balitz herrian dauden aukerak azaldu zituen, hala nola, Lizarraitz aldean, Estazioko industrialdean, Idiazpi aldean edo, gaur egun Kultur Etxea dagoen lekuan.

Hiru irtenbide

Alkateak azaldu zuen iritzi desberdinak daudela udaleko bi alderdiren artean, baina funtsean hiru aukera planteatu zituen herriko azpiegituren egoera kaskarrari irtenbidea emateko: batetik, oraingo Kultur Etxea, obra handirik egin gabe birmoldatzea; bestetik, oraingo Kultur Etxea eraitsi eta, leku berean, etorkizuneko beharretara egokitutako eraikuntza berri bat egitea; eta, azkenik, Kultur Etxea birmoldatzea baina ikuskizunetarako areto balioanitz berri bat eraikitzea beste leku batean.

Ikuskizunetarako areto balioanitza

Ikuskizunetarako aretoari dagokionez, hausnarketa oso mamitsua izan zen. Askori kezka eragiten dio horrelako proiektu batek izan dezakeen gastu arruntagatik, programazio aberatsa eskaintzeko behar diren finantza baliabideengatik edota herriko eragileek behar adinako dinamika izango ote duten horrelako azpiegitura bizi-bizirik mantentzeko. Beste batzuk, ordea, apustu garbia egiten dute 200-250 ikusle inguruko areto balioanitz baten alde, eta ezinbestekoa ikusten dute herriko hainbat talde (musika, antzerkia…) garatu eta hazi ahal izateko eta herrian dagoeneko antolatzen diren ekintzak baldintza egokietan eskaintzeko.

Areto balioanitzari buruzko beste kontu bat da Kultur Etxean egin behar den (horretarako eraitsi egin beharko litzateke gaur egungo eraikuntza) edo herriko beste toki batean egitea hobe den. Gaur egun, eraikin diafanoak egiteko teknikak “oso aurreratuta” daudela esan du alkateak, eta “nahiko ekonomikoak” direla. Nolanahi ere, udalak erosi berria du pabiloi bat industrialdean eta, behin behinekoz behintzat, lokal hori ikuskizunetarako eta entseguetarako erabil daitekeela adierazi zuen alkateak.

Kultur Etxe berria

Kultur Etxea eraitsi eta berria egitea izugarrizko gastua izango litzatekeela esan zuen Arregik; izan ere, eraikina bera egiteaz aparte, gaur egun dauden garajeak-eta beste toki batera eramateak arazo ekonomikoak ekarriko lituzke. Alkatearen iritziz, udala “egoera ekonomiko onean” dago, zorpetze maila txikiarekin eta maileguak eskatzea posible litzateke baina, hala ere, apustu ekonomiko handia egin beharko litzateke. Eta beste arazoa litzateke, alkatearen iritziz, horrelako obra batek iraun dezakeen urteetan non kokatuko liratekeen orain eskaintzen diren zerbitzuak (Euskaltegia, Musika Eskola, Danbolin…).

Beste behar batzuk

Orain arte aipatutako gai horiez gain, beste behar batzuei erantzutea ere garrantzitsutzat jo zuten eragileek. Esate baterako, 3Z taldeak, premiazkoa ikusten du jubilatu eta adinekoentzako eremu bat eta zerbitzu berriak sortzea. Gazteen Asanbladak, berriz, beren dinamika Eliz Ondo eraikuntzara eramateko asmoa aipatu zuten.

Aurrera begira

Erabakiak hartu behar direla nabarmendu zuen Arregik. Erabaki horiek udaletxean hartuko direla esan zuen baina hori baino lehen, herriko kultur eragileekin hitz egin eta benetan Zestoako kultur jarduera eta gainerako jarduera sozialak behar duen azpiegitura sistema egokia zein izango litzakeen aztertzea ezinbestekotzat jo zuen. Horretarako bilera gehiago egingo dira, azaroan, eta aurrez eragileei galdetegi bat bidaliko zaie gai horri buruzko jarrerak gehiago zehazteko eta ezagutzeko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide