Albisteak

Gaztetxea lekualdatzeko proiektua aurkeztu du gazte asanbladak, herriko hainbat eragileren babesarekin

Asanblada eta herriko eragile ezberdinetako ordezkariak gaur eguerdian plazan.

Gaztetxea zine zaharra eta elizako zentroak osatzen duten eraikinera lekualdatzeko proiektua aurkeztu du gazte asanbladak. Udala eta elizarekin elkarrizketak hasi dituzte eta helburua “hiruko negoziazio mahaia” martxan jartzea da.

Zestoako Gazte Asanbladak eskuartean duen proiektua aurkeztu du gaur eguerdian egindako agerraldian. Gaztetxeko jarduna aurrera eraman ahal izateko “lekualdatzeko beharra” dutela azpimarratu dute eta bide horretan lanean hasi dira. Gaur, proiektu horren berri eman dute plazan, herriko norbanako zein eragile ezberdinen babesarekin.

Asanbladako kideek azaldu dute bere jarduna zabaltzen jarraitu ahal izateko azpiegitura egokirik ez dutela: “Azpiegituraren mugak azaleratzen ari zaizkigu, horien artean: segurtasun baldintzak; Gaztetxea bigarren solairuan egotea; eraikina kultur etxeko beste eragileekin partekatu beharra; espazio berdinean jarduera bat baino gehiago aldi berean emateko ezintasuna eta abar”. Zailtasun horri aurre egiteko “fase berri baten hasiera suposatuko duen” proiektua lantzen ari dira. Zine zaharra eta elizako zentroak osatzen duten eraikina bereganatzeko intentzioa dutela jakinarazi dute. Zestoako Udalarekin eta elizarekin elkarrizketak hasi dituzte eta “hiruko negoziazio mahaia” martxan jartzea da helburua.

Asanbladako kideen esanetan, lekualdaketak orain duten azpiegiturak sortzen dizkieten “mugak gaindituko” lituzke. “Elizondoko eraikinak gure jardunerako izugarrizko potentziala duela uste dugu, hainbat arrazoi direla eta; eraikina kultur etxeko beste eragileekin partekatu beharrik eza; zine zaharrak Zestoak behar duen moduko eskaintza kultural-artistikoa ahalbidetuko duen areto bat egiteko duen aukera; zentroa eta aretoa banatuta egoteak gaztetxea erabiltzen duten eragileen jarduna aurrera emateko eskaintzen dituen aukerak; herriaren bihotzean egoteak dituen abantailak; asanbladaren hastapenak ezagutu zituen tokira itzulera; orain dugun azpiegiturarekin alderatuz espazioak duen azalera eta beste hainbeste”.

Asanblada indartzen

Azken urtetan asanblada “berregituratu” eta gaztetxeari “bizi berri bat emateko konpromisoa” hartu dutela azaldu dute. “Gure helburua, asanblada berriz ere, herriko gazteak edonolako instituzio burgesetatik at antolatu eta gure arazoei aurre egiteko tresna eraginkor bat bihurtzea da, sortu nahi duten gazteria pasota eta indibidualistaren aurrean, Zestoan gazteria antolatu eta konprometitu bat izateko bidean”. Bide horretan, hainbat ekimen antolatu dituzte. Azken hilabeteotako “egoera zailak” bere jarduna “izugarri” oztopatu duela adierazi dute baina horren aurrean “antolatu eta asanblada modura hazten” jarraitzen dutela nabarmendu dute.  Bere buruari jarritako helburua “betetzen” ari direla esan dute. “Gazte asanblada, herriko eragile sozial, kultural eta politiko garrantzitsuenetako bat izatera iritsi da. Bost bat pertsonako asanblada bat izatetik, 30 lagunetik gora biltzen dituen asanblada bat izateraino”.

Herriko eragileen babesa

Herriko eragile ezberdinek proiektua babestu dute eta asanbladako kideen asmoa “herrian proiektu honen aldeko iritzi zabal bat” sortzea da. Gaurko agerraldian Fundizio Kultur Elkartea, Dantzariak, Agiro Mendi Kluba, Zestoako Musika Banda, Pentsionisten Mugimendua, Jubilatuen Elkartea, Abantzu Pilota Kluba, GKS, ITAIA, Bargaztak, Zestoako Sare, Urola Erdiko Kontseilu Sozialista, Erralla bertso eskola, Zestoako Futbol Taldea eta  Zestoako Txirrindulari Taldeko kideak izan dira. Gaztetxeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete babesa erakutsi duten herriko eragile eta norbanako guztiei.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide