Albisteak

Zestoako mugikortasuna hobetzeko, herriko Gl-631 zeharbidea hobetuko dute Udalak eta Aldundiak elkarlanean

Foru Gobernuak aldizkako bilkura ibiltaria egiteari ekin dio Gipuzkoako udalerrietan barrena eta, joan den hilean Leintz-Gatzagan egindakoaren ondoren, Zestoan egin du gaurkoa, Lili jauregian. Bertan, besteak beste, argi berdea eman zaio herriko GI-631 zeharbidea hobetzeko Udalak eta Aldundiak lankidetzan burutuko duten proiektuari. Herrigunea zeharkatzen duen errepidea egokitzeko Udalaren eta Aldundiaren arteko hitzarmena onartu du gaurko bileran foru gobernuak, joan den astean Zestoako udalbatzak egin bezala. Lan hauen helburua trafikoa baretu, herriaren sarbideak berrantolatu eta errepidearen segurtasuna hobetzea da. Herrigunean hainbat kaleren arteko lotuneak hobetuko dira eta kasu batzuetan norabideak ere aldatuko dira.

Hitzarmenaren arabera, lanek 1.619.922,35 euroko (BEZ barne) aurrekontua eta zortzi hilabeteko exekuzio epea izango dute. Udalak proiektua lizitatuko du eta ondoren, lanekin datorren udazkenean hastea aurreikusten da, eta datorren urteko udaberrirako amaitu ahal izatea. Finantzaketari dagokionez, Udalak bere gain hartuko du aurrekontuaren %68,58 eta Bide Azpiegituretako foru departamenduak, berriz, %31,42.

GI-631 errepideak eguneko 10.000 ibilgailuko bataz besteko trafiko-intentsitatea du eta hauetatik %7 ibilgailu astunak dira. Diputatu nagusiak adierazi duenez, errepide honek garrantzia handia du “zestoarrentzat nahiz bailara osoko herritarrentzat, hau baita eskualdea AP-8 gaitasun handiko errepidearekin lotzeko pasabidea”. Baina, aldi berean, herria zeharkatzen duen zeharbidea izaki, “ezinbestekoa” da paseko trafikoaren, herriko zirkulazioaren eta herritarren ongizatearen arteko “oreka eta elkarbizitza areagotu eta egokitzea”. Bere iritziz, Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza honen bidez, “errepidearen funtzionaltasuna eta herriko mugikortasuna hobetu ahalko dira eta, aldi berean, horrek hobekuntza nabarmena eragingo du herritarren nahiz errepidea erabiltzen duen ororen mesedetan”. “Bide Azpiegituretan ere, lurralde orekaren aldeko apustua egiten ari gara, gure herri eta bailaretan giltzarri diren puntu horietan errepideak hobetuz, ahal den heinean gidarien segurtasuna eta herritarren ongizatean hobekuntzak ahalbidetuz”, azpimarratu du.

Mikel Arregi alkateak, berriz, eredugarritzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin sinatutako lankidetza hitzarmena. “Zestoako herrigune nagusia bitan zatitzen duen GI-631 errepidea herriak bere egingo du eta herrirako sarbide eta irteeren egokitzeak herriguneari arnasa emango dio”, adierazi du alkateak.

Diputatuen Kontseiluaren aurretik, bilera egin dute Eider Mendozak eta Mikel Arregik, herriak aurrera begira dituen beharrizanak eta proiektu nagusiak aztertzeko. Kontseiluaren ondoren, Sastarraingo bailara eta Ekainberri bisitatu dituzte.

 

 

 




https://danbolin.eus/wp-content/uploads/2024/05/azokad_Mesa-de-trabajo-1-scaled.jpg