Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Asteartean egin zen Zestoako Udalaren urteko azken osoko bilkura, eta hainbat gai jorratu zituzten bertan. Ez ohikoa izan zen asistentzia ere, Zestoako Mugimendu Feministako hainbat kide bertaratu baitziren udalbatzarrera.
Mugimendu Feministak mozio bat aurkeztu zuen, eta bertan Donostian egunotan egiten ari diren Zestoako sei herritarren aurkako epaiketaren harira idatzitako adierazpena irakurri zuten. EH Bilduk adierazi zuen epaituak izaten ari diren auzipetuei elkartasuna eta babes osoa adierazten diela, eta Mugimendu Feministak egindako irakurketarekin erabat bat egiten duela.
EH Bilduk justizia sistemak indarkeria matxistaren biktimengan sortzen duen mesfidantza nabarmendu zuen, eta EAJri leporatu zion jarrera paternalista erakutsi izana Mugimendu Feministak egindako komunikatuari emandako erantzunean. Halaber, adierazi zuten elkartasun ekintzak ez direla soilik komenigarriak, baizik eta beharrezkoak direla. Ildo horretan, Zestoako EH Bilduk txalotu egin zuen Zestoako Mugimendu Feministak egindako lana, elkartasuna antolatzeagatik, gaia plazaratzeagatik eta atxikimenduak lortzeagatik. Amaitzeko, Lorea Ilundain alkateordeak dei egin zuen epaiketa egunetan zehar antolatutako mobilizazio eta elkarretaratzeetan parte hartzera.
EAJk, bere aldetik, auziperatuei babesa adierazi ziela azaldu zuen, baina Zestoako Mugimendu Feministak plazaratutako komunikatuaren puntu batzuekin ezin zirela bat etorri adierazi zuen Garikoitz Mendizabal bozeramaileak. EH Bilduk ulergaitzat jo zuen jarrera hori, eta zehazteko eskatu zien zein puntutan zeuden ados ez. Mendizabalek azaldu zuen arrazoietako bat izan zela komunikatuan salaketa jarri duen pertsona “erasotzaile” gisa izendatzea, eta ez “ustezko erasotzaile” gisa. Era berean, adierazi zuen ez dutela onartzen sistema “zis heteropatriarkala” dela dioen definizioa, eta azkenik, ezin dutela bat egin “indarkeria matxistaren egitura guztien aurka lerrokatu behar gara” esaldiarekin.
Feministek ere erantzun zioten EAJri udalbatzarrean. Atxikimendua adierazi dutenen artean ez egotea leporatu zieten, eta jarrera hori norbere burua zuritzeko ahalegintzat jo zuten. Elkartasun feministaren alde lerratzeko aukera paregabea zutela adierazi zieten, baina kontrako norabidea hartu izana egotzi zieten. Halaber, salatu zuten sistema judizialak sei herritar espetxe zigor arriskuan jarri dituela, eta emakumea bakarrik uztea leporatu zioten EAJri, salaketarik ez jartzea aitzakiatzat hartuta. Jarrera hori paternalistatzat jo zuten, eta inor ez dela emakumeen erabakien gainetik jartzeko nor adierazi zuten.
Azkenik, EAJko bozeramaileak berriro hartu zuen hitza, eta berretsi zuen ezin zuela bat egin komunikatuarekin, baina adierazi zuen “hor” dagoela. Era berean, berriz azpimarratu zuen emakumeak salaketa jartzeak egoera asko aldatuko lukeela bere ustez.