Albisteak
Zestoako Pilota Taldeak Zoroperietarako egitaraua aurkeztu du
— 2015-12-16Zestoako Pilota Taldeak aurtengo Zoroperietarako ere euskal kirolez osatutako jaialdi bat antolatu du. Pilota taldeak antolatzen duen zortzigarren urtea da aurtengoa. Jaialdia kiroldegiko frontoian izango da 17:30ean hasita. Aipatzekoa da aurten Zoroperi eguna (abenduak 26) larunbatez ospatuko da. Sarrerak kiroldegiko lehiatilan izango dira salgai 10 eurotan.
Jaialdiaren aurretik, 17:15ean plazatik kiroldegira txarangak gidatutako kalejira izango da “goazen frontoira” kantuaren doinupean. Ondoren, 17:30ean, Jose Mari Olasagastik emango dio hasiera jaialdiari. Kanako pago enborra aizkoraz moztea izango da Olasagastiren lana.
Neska mutilen arteko harri jasotze lehia ere izango da. Bertan, Idoia Etxeberria, Estitxu Almandoz, Jagoba Otaegi eta Mikela Diaz harrijasotzaileak arituko dira.
Bertsoak ere izango dira aurtengo jaialdian, Amets Arzallus (Euskal Herriko Txapelduna) eta Aitor Salegi zestoarra izango dira bertsotan.
Jaialdiko azkenengo ekitaldia pilota partida izango da. Bertan Ekaitz Saralegi profesional ohia Murgiondo azpeitiarraren laguntzarekin arituko da, Santxo/Gorrotxategi Gipuzkoako Ohorezko Mailako bikote txapeldunaren aurka.
Urteko ekitaldirik jendetsuena
Hasiera batean, pilota taldea profesionalen txapelketa nagusiko partida bat antolatzen saiatu zen, baina ez da posible izan. Pilota taldekoen esanetan “zortzi urte hauetan jaialdi ezberdinak izan dira, eta aurtengoa ere berrikuntzekin dator. Beti pilota eta herri kirolak uztartu izan ditugu, eta aurtengo berrikuntza nagusia Olasagastiren erakustaldia eta bertsolarien parte hartzea izango da”. Zortzi urte hauetan zehar jaialdiak arrakasta izaten jarraitzen du, 700 lagun baino gehiago ere bildu izan dira urteren batean.
Gogoratu, Olasagastik Aitzol Atutxaren aurka otsailean desafioa daukala, Zestoako saioa ea lagungarri suertatzen zaion, animorik ez zaio faltako.
Egin zaitez bazkide