Albisteak
Zestoako preso ohiek bat egin dute apirilaren 17ko manifestazioarekin
— 2016-03-16Pasa de larunbatean Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera manifestua aurkeztu zuten Usurbilen 750 preso eta iheslari politiko ohik. Agerraldi horretan, manifestua aurkezteaz gain, apirilaren 17an Bilbon, Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, egingo den manifestaziorako deia egin zuten. Zestoako preso ohiek ere, aurrez aipatutako manifestuarekin eta Bilbon izango den manifestazioarekin bat egiten dute, eta herritarrei dei egiten diete manifestazioan parte hartzeko. Manifestazioa apirilaren 17an 12:00etan hasiko da Bilbon, Zestoatik autobusa 10:30ean irtengo da.
Usurbileko agerraldian azaldu zutenez “gatazkaren funtsezko arrazoiak hor dirau oraindik, eta, borrokak ereindako haziari atxikiz, ezker abertzale osoaren hautua gure egin dugu. Soilik molde politiko eta demokratikoetatik aurrera egiteko erabakia fermuki babesten dugu.” Estatuen aldetik jarrera bortitzak jarraitzen duela azpimarratu zuten: “espero ez genuen jarrera bortitza aurkitu dugu estatuen aldetik; beraiek dira gaur egun helburu politikoak eskuratzeko indarkeria darabiltenak. Euskal preso eta iheslari politikoen aurkako bortizkeria, jazarpena, zigor erantsiak… Bahitu politiko gisa dituzte, salbuespen neurriak ezartzen dizkiete, eta haienarekin batera beren senideen sufrikarioa areagotzetik etekin politikoa atera nahian ari dira etenik gabe Madril eta Parisetik.”
Preso eta iheslari ohiek diotenez “salbuespenezko legedia astindu beharra dago, sakabanaketa bukatu. Gehiengo sozial zabalak eraginkortu beharko du irekitako eszenatoki berria, ustel ez dadin. Alde anitzetako konpromezuak behar ditu honek guztiak.”
Egin zaitez bazkide