Albisteak

Zestoako San Juan Fundazioko langileei omenaldia egingo zaie ‘IV. Euskal Herria Txapela’ finalean

Bihar, irailak 5, ‘IV. Euskal Herria Txapela’ finala jokatuko dute Realak eta Osasunak eta partida aurretik omenaldia egingo zaie Zestoako San Juan Fundazioko zein Lizarrako San Jeronimo zaharren egoitzako langileei. Izan ere, COVID-19ak eragindako larrialdi egoeran adineko pertsonen osasuna eta zaintza bermatzeko asmoz, aipaturiko bi kolektiboek itxialdia egin eta egoitzatik irten gabe gelditu ziren. Egindako lana aitortzeko, San Juan eta San Jeronimo egoitzetako ordezkariak Reala eta Osasunaren arteko norgehiagokan izango dira bihar.

20:30etatik aurrera Reale Arenan jokatuko den ‘IV. Euskal Herria Txapela’ finalean osasun neurri zorrotzak hartuko dira: ez da ikuslerik izango harmailetan, ezin izango du jokalaria ez den inork zelaia zapaldu eta palkoan klubetako eta antolakuntzako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta Euroerregioko ordezkariak egongo dira; gehienez ere 14 lagun, eta guztiek PCR proba eginda joan beharko dute. Partida, telebistaz jarraitu ahal izango da ETB1-en.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide