Azaroa 2025
— 2025-12-03Irakurri 276. zenbakia hemen.

Zestoako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du Xabin Etxaide herritarraren erailketaren 40. urteurrena betetzean. Larunbat honetan, irailak 27,omenaldia egingo zaio. Goizeko 9:00etan Ertxiña mendira txangoa egingo da, Gurutzetik abiatuta eta han argazkia aterako dute. Eguerdiko 13:00etan plazatik monolitora kalejiran egin eta ondoren egingo da ekitaldia.
Udalaren adierazpenak honela dio:
Xabin Etxaide Ibarguren herri honetako bizilaguna GALek su armaz erail zuen Baionako Monbar hoteleko tabernan 1985eko irailaren 25ean.
1979ko urrian, Guardia Zibilak etxean atxilotu zuen. Bederatzi hilabete egin zituen espetxean. Martutenen egon zen lehenik, eta Soriako kartzelara eraman zuten ondoren, 1980ko maiatzean libre geratu zen arte.
1982ko urriaren 28an ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira. Baionan errefuxiatuta zegoela, 1985eko irailaren 24an, haren lagun Agustin Irazustabarrenari errefuxiatu politikoaren agiria eman zioten. Hori ospatzeko, beste zenbait errefuxiaturekin joan zen Etxaide Monbar hoteleko tabernara.
Euren atzetik GALeko mertzenarioak sartu ziren, eta errefuxiatuei tiroka hasi ziren. Agustin Irazustabarrenarekin batera, Jose Mari Etxaniz eta Inaxio Asteasuinzarra hil zituzten eraso horretan; Etxaide ospitalera eraman zuten, oso larri zaurituta, eta han hil zen. Bi egun geroago, protestaldi luzea eta greba orokorra antolatu ziren Gipuzkoan. Zestoako Udalak, Herri Batasunaren mozioa onartu zuen, senideei elkartasuna adierazi, eta Etxaide “herriko gudari” izendatu zuen. Gainera, “GAL talde hiltzailearen eta espainiar estatuaren aparatu errepresiboaren arteko lotura nabarmena” gaitzetsi zuen.
Atentatuaren ostean, Pierre Frugoli eta Lucien Mattei Marseillako mertzenarioak atxilotu zituen Frantziako Poliziak. Paueko tribunalak bizi guztiko espetxe zigorra ezarri zien biei, eta fiskaltzak Matteiren kondena 18 urte baino gehiagokoa ez izatea aholkatu zuen. Frugolirena, berriz, 20 urtera murriztu zuten 1989an. Ez zen inoiz ikertu tiroketan parte hartu zuten gainerako kideak nor izan ziren.
Bi akusatuek aitortu zuten Espainiako zerbitzu sekretuek errekrutatu zituztela, eta Francis eta Miguel izenak aipatu. Francis izena zeramana Bilboko komisariorde Jose Amedo zela aitortu zuten. Miguel izenari zegokionez, berriz, fiskaltzak usten zuen Michel Dominguez zela, jatorri frantziarreko Espainiako polizia bat, Amedorekin lanean aritutakoa.
Espainiako prozesu judizialaren kasuan, 1991ko martxoan, Monbar hoteleko atentatuarekin lotura zuen Amedoren eta Dominguezen aurkako auzia bertan behera geratu zen froga faltagatik. 1994ko azaroan, Baltasar Garzon epaileak berriz jarri zuen abian auzia, eta Julian Sancristobal Bizkaiko gobernadore zibil eta Espainiako segurtasun idazkari izandakoa, Juan Alberto Perote zerbitzu sekretuetako zuzendari ohia eta Francisco Alvarez brigada antiterroristako buru izandakoa inputatu zituzten. Horiek guztiek euren aurkako akusazioak ukatu zituzten. 2001eko urrian, berriz itxi zuten auzia, eta behar adina froga ez zegoela argudiatuta.
Xabin Etxaide Ibargurenen hilketak bizitzeko eskubidea urratzen du, giza eskubideen nazioarteko zuzenbideak jartzen duen moduan. Giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten pertsona guztiek dute egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea, halaxe ezartzen baitute 2005eko abenduaren 16an Nazio Batuetako Batzar Orokorrak onartutako oinarrizko printzipio eta jarraibideek: “Giza eskubideei buruzko nazioarteko arauen urraketa nabarien eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak jarri eta erreparazioak lortzeko duten eskubideari buruzko Oinarrizko Printzipio eta Jarraibideak”.
Horrenbestez, erantzukizun instituzional horretatik abiatuta, udal honen borondatea da memoria publikoaren politika bat egitea, eta horren bidez egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eta memoriaren parte izateko eskubidea betetzea. Eta hori Xabin Etxaide Ibargureni egindako aitortzazko adierazpen instituzional honetan gauzatzen da, bere ondare preziatuena kendu ziotelako: bizitza.
Estatu indarkeriaren ondoriozko giza eskubideen urraketen biktimei buruz Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak 2008ko ekainaren 24an argitaratutako Txostenean, atentatuetan hildakoen zerrendan jaso zuen Etxaideren kasua.
Gaur, Xabin Etxaide Ibargurenen erailketaren 40. urteurrenean, aitortzazko adierazpen instituzional indibidualizatu hau egingo dugu. Aipamen berezia egiten diogu bere familiari eta jasan duen sufrimendu gehigarriari. Familiarengana hurbildu nahi dugu erantzukizunez, egiaz eta enpatiaz.
Gure nahia da adierazpen hau ahots politiko guztien adierazle bateratua izatea, Xabin Etxaide Ibargureni egindako injustiziaren aurrean elkartasun eta gizatasun adierazpen bat izatea, eta, erakunde publiko bezala daukagun erantzukizunetik, aitortza eta erreparazioa lortzeko gogoeta bat izatea.
Eskubideak errespetatuz eta urraketak baztertuz eraiki behar da memoria. Horregatik udal honen nahia eta konpromisoa da lanean jarraitzea Zestoarrok gure antzinako eta iragan hurbileko historiako edozein unetan jasandako urraketa guztiak aitortu eta erreparatzeko.
Iraganak ezin du aitzakia izan bizikidetzaren bidea ez egiteko. Espero dugu jokabide horrek bakearen eta giza eskubideen kultura sustatzea, eta oinarri sendoak finkatzea Zestoan bakean eta bizikidetza demokratikoan oinarritutako etorkizuna eraikitzen jarraitzeko. Zestoan, 2025eko irailaren 25ean.