Albisteak

Zestoako Udalak autobus ibilbide berrien inguruko ‘kexak eta zalantzak’ azaldu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari

Donostiako autobus geltoki berriak ekarri dituen ibilbideen aldaketengatik erabiltzaileek izan ditzaketen zalantzen aurrean, honako hauek adierazi nahi ditu Zestoako Udalak:

1. Joan den otsailaren 4an, Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko Zuzendaritzarekin bilera bat egin genuen Azkoitiko, Azpeitiko, Beizamako eta Zestoako ordezkariok. Bertan, autobus ibilbide berrien inguruan ditugun kexak eta zalantzak azaldu genituen.

2. Luze eta zabal azaldu zizkiguten aldaketen zergatiak:

  • Urola-Kostako ibilbideen azken geltokia Askatasunaren hiribidean egongo da eta ez autobus geltoki berrian.
  • Askatasun hiribideko geltoki horretatik autobus geltoki berrira joan-etorri egiteko anezka zerbitzua (lanzadera) egongo da. Gehienez, sei minutuko itxaronaldia ekarriko du.
  • Urola-kostako lineak Ondarretatik sartuko dira. Halere, aztertuko da autobus horietako batzuk Amaratik geltoki berrira sartzeko aukera. Beti ere, eskualdeak horren beharra arrazoitzen badu.

3. Zestoa-Ermua linea: Mugikortasun zuzendaritzak, Zestoako erdigunetik pasatzen diren autobus kopurua gutxitzeko, Zestoa-Ermua zerbitzu batzuk bertan behera utzi ditu. Zestoatik bi zerbitzu aterako dira, goizean goiz. Beste orduetan bidaiatzeko, bidaiariek Azpeitian autobusez aldatu beharko dute. Autobus aldaketa egiteak, gehienez bost minutuko itxaronaldiak ekarriko du.

Neurri horiek guztiak, luze eta sakon aztertu zituzten, baita erabilera datuekin alderatu ere. Giza baliabide eta baliabide materialen erabilera optimoa lortzea izan da helburua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide