Albisteak

Zestoako Udalak Kultur Etxeko aretoa berregituratzeko aurreproiektua aurkeztu du

Urrian egin zen bilerako argazkia

Udalak deitutako Kultur Etxearen etorkizuna adosteko bigarren saioa egin zen atzo, eta udal ordezkariak zein herriko hainbat eragile bildu ziren Kultur Etxeko aretoan. Udalaren izenean, Mikel Arregi alkatea eta Fernando Arzallus kultur teknikaria izan ziren. Lehen hausnarketa saioa joan den urriaren amaieran egin zen, eta orduan eragileen kezkak eta proposamenak jaso ziren, baita Udalaren hasierako asmoak azaldu ere.

Atzoko bilera hiru ataletan banatu zen, eta gai nagusia Kultur Etxeko aretoa kokatzen den espazioaren birmoldaketa izan zen. Mikel Arregi alkateak eskuartean duten aurreproiektuaren ildo nagusiak azaldu zituen. Azpimarratu zuenez, aurreproiektua izan arren, eraikinaren egitura ez denez aldatuko, ez da alde handirik egongo exekuzio proiektuarekiko.

Proposamena

Gaur egungo aretoa espazio diafano bihurtzea aurreikusten da. Horretarako, eserlekuen gunea, oholtza eta oholtzaren atzealdea altuera bereko espazio bakar batean integratuko lirateke. Eraikinaren egitura mantentzeko beharrezkoak diren zutabeek eta karga-hormek espazioa baldintzatuko dute, eta oholtzaren zabalera ezin izango da handitu. Bestalde, kotarik gabeko espazioa izango denez, oholtzak ez luke altuerarik izango; horrenbestez, aluminiozko moduluen bidez behar den altuerako eta tamainako eszenatokia muntatzeko aukera egongo litzatekeela azaldu zuten.

Sarbideari dagokionez, Enekosauztegi kalera emango duen ate zabal bat irekitzea aurreikusten da, aretorako sarrera zuzena nahiz materiala sartzeko erraztasuna bermatzeko. Eserlekuen antolaketaren harira, aldiz, aukera desberdinak aztertu dira, hala nola harmaila tolesgarriak edo eserleku indibidualak; hori, dena den, bigarren fase batean egingo litzateke.

Kamerinoaren beharra

Planoetan kamerinorik ageri ez zela ikusita, eragileek horren beharra azpimarratu zuten. Kamerino bat izatea ezinbestekotzat jo zuten, bai kontzertuetarako, bai antzerki, dantza edo bestelako jardueretarako, eta gutxieneko ekipamendua izan beharko lukeela adierazi zuten, besteak beste, komuna. Proposamen gisa, gaur egun jubilatuen taberna den espazioan, etorkizunean gaztetxea izango dena, dagoen sukaldearen zati bat egokitzea proposatu zuten eragileek, kamerinoa bertan kokatzeko, aretoarekin lotura zuzena izango lukeelako. Bestalde, 127 metro inguruko luzera izango duen aretoa eta gaztetxea ate baten bidez bereizita egongo lirateke.

Obrak lau hilabete inguru iraungo lukeela aurreikusten da, eta Udalaren asmoa lanak 2027an hasi eta urte bereko erdialderako amaitzea da. Halaber, gaur egun hondatuta dagoen igogailua konpondu eta martxan jarriko da obra horiekin batera.

Epe-motzean erabaki beharrekoak

Aretoaren eta gaztetxearen lekualdaketak eraikineko beste espazio batzuetan ere aldaketak ekarriko ditu, eta horrek hainbat eragileri eragingo die. Horren harira, gaur egungo gaztetxearen erabilera berria aipatu zen, hutsik geratuko baita. Era berean, Kultur Etxean jarduten duten eragileen azpiegitura-beharrak identifikatzeko beharra ere aipatu zen.

Bilera amaieran, kultur taldeen arteko koordinazioa indartzeko egitura iraunkor bat sortzearen ideia mahai gainean jarri zuten, hala nola “kultur mahaia” edo antzeko plataforma bat, espazioen eta ordutegien antolaketa erraztuko lukeena.

Hurrengo bilera maiatzaren 21ean izango da, 19:00etan, Alonderon. Bilera horretarako, Udal ordezkariek kamerinoa obran txertatzeko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuten eta datorren bileraren helburua, beraz, behin betiko proiektua aurkeztu eta, hala badagokio, onartzea izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide