Abendua 2025
— 2025-12-29Irakurri 277. zenbakia hemen.

Zestoako Udaleko Gazteria Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzaren Treba programaren baitan, gazte eta nerabeei zuzendutako ongizate emozionala lantzeko tailerrak antolatu ditu. Helburua da parte-hartzaileek giro seguruan beren emozioak lantzeko, garapen pertsonala bultzatzeko eta tresna erabilgarriak eskuratzeko aukera izatea, metodologia parte-hartzaileen eta profesional adituen laguntzarekin.
Lehenengo saioak nerabeei zuzenduta egongo dira: irailaren 26an egingo den lehen tailerrean emozioen inguruko oinarrizko ikastaroa eskainiko da, eta urriaren 3an egingo den bigarrenean, berriz, kuadrilen dinamikan oinarrituta nerabeen arteko harreman sareak landuko dira. Parte hartu nahi dutenek irailaren 18a baino lehen eman beharko dute izena, Gaztelekuko 688 684 029 zenbakira WhatsApp bidez mezua bidalita.
Gazteei zuzendutako saioak, berriz, urrian izango dira: urriaren 17an egingo den lehen tailerrean autoezagutza eta ongizate emozionalaren oinarriak landuko dira metodologia praktiko baten bidez, coaching, PNL eta garapen pertsonaleko beste hainbat tresna erabiliz. Urriaren 24ko bigarren saioan talde-dinamikak eta material didaktikoa baliatuko dira parte-hartzea sustatzeko, eta antsietatea ezagutzen eta kudeatzen ikastea izango da ardatz nagusietako bat. Tailer hauetan parte hartu ahal izateko, izen-ematea urriaren 9a baino lehen egin beharko da, WhatsApp bidez zenbaki berera mezua bidalita.
Horrela, Zestoako Udalak gazte eta nerabeei aukera eskainiko die ongizate emozionala lantzeko eta garapen pertsonalerako baliabideak eskuratzeko.