Albisteak

Zestoako Udalak ukrainar jatorriko herritarrei “elkartasunik beroena” adierazi die

Ukrainako gerra dela eta, oharra kaleratu berri du Zestoako Udalak:

“Gerra albisteak beti dira kezkagarriak baina gerra hotsak zenbat eta gertuago izan, orduan eta zirrara handiagoa eragiten digute.

Herritar askoren eskuzabaltasunari esker Zestoa harrera herria izan da eta beste herrialdeetan eman diren larrialdi ezberdinen ondorioz, Zestoak jatorri ezberdinetako pertsona ugari artatu izan ditu.

Chernobilen gertatu zen sarraski nuklearrak nerabeen osasunean eragiten dituen kalteak leuntzeko helburuz, Ukrainar jatorriko gaztetxo bat baino gehiago bizi izan da gure artean, bertako herritar izatera ere heldu zaizkigularik, gure hizkuntza eta gure ohiturak beraienak eginaz.

Batzuk gure artean jarraitzen badute ere, beste batzuk Ukrainan, euren jaioterrian harrapatu ditu gerrak. Beti bezala, gerra egitea gutxi batzuk bulegoetan erabaki ohi duten arren, askogatik herritar xeheak jasaten ditu ondoriorik latzenak.

Hori horrela, Zestoako Udalak, herritar guztien izenean, Ukrainar jatorriko herritar guztiei bere elkartasunik beroena adierazi nahi die eta inor baztertu gabe, Makxin Grasmanek bizi duen egoera bereziki aipatu nahi genuke. Izan ere, ia atzora arte gure artean bizi izan dugulako eta jatorriz Ukrainarra izanagatik Zestoarra ere badelako, Zestoako bere senide eta lagun guztiei ere gure elkartasunik beroena eman nahi genieke.

Egunotan, era ezberdinean herritarrek egindako elkartasun keinuak eskertzeaz gain, Zestoako Udalak bere laguntza emateko prestasuna agertzen du.

Ez dago inongo arrazoirik, ez geopolitikorik ez bestelakorik, gerra bezalako gauza anker bat justifika dezakeenik!”

Zestoan, 2022ko otsailaren 26an

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide