Martxoa 2026
— 2026-03-27Irakurri 280. zenbakia hemen.

Atzo goizean, Mikel Arregi Zestoako alkatea Donostian izan zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioak antolatutako Hariak estrategiaren ekitaldian. Bertan, trakzio proiektuen inguruko mahai-inguruan hartu zuen parte.
Adinberri Gipuzkoako Foru Aldundiaren fundazioa da, biztanleriaren zahartzeari erantzuteko berrikuntza estrategia diseinatu eta garatzen duena. Fundazioa Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren baitan sustatutako zortzi proiektu estrategikoetako bat da, Gipuzkoak desberdintasun sozial txikiena duen Europako lurraldeetako bat izaten jarrai dezan helburuarekin.
Mahai-inguruan, Zestoako Zaintza Sareko Kaixo Adiskide! proiektua aurkeztu zuten, komunitatean oinarritutako zaintza ereduak indartzea helburu duen ekimena. Proiektuaren bidez, herritarren arteko harremanak eta laguntza sareak sustatu nahi dira, bakardade egoerak arintzeko eta adineko pertsonen ongizatea hobetzeko.
Zestoako egitasmoarekin batera, Etxelagun, AuzoEkin, Debagoiena Ehunduz eta Usurbilgo zaintza sare komunitarioa proiektuak ere aurkeztu zituzten. Guztiek zaintza komunitarioaren ikuspegitik tokian tokiko esperientziak partekatu zituzten, elkarlanaren eta gertutasunaren garrantzia azpimarratuz.