Albisteak

‘Zestoan elkarrekin aurrera’ manifestua sinatu dute zenbait herritarrek

COVID-19ak sortutako egoera dela eta, ‘Zestoan elkarrekin aurrera’ manifestua sinatu dute hamaika herritarrek. Arlo ezberdinak aipatzen dira manifestuan: ingurugiroa, zaintza, ekonomia, osasun sistema publikoa, kultura, emakumeen eskubideak, euskara eta errepresaliatuak. Egoera honek sortu duen kezka eta ezinegonei “modu kolektiboan” erantzun nahi diete. Larunbat honetan, ekainak 13, elkarretaratzea egingo dute eguerdiko 12:00etan, plazan. Bertan manifestua irakurriko da eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete.

Hona hemen manifestua:

Garai gogorrak bizi ditugu, zalantzarik gabe, eta datozenek ere ez dute itxura onik. Agerian gelditu diren gabezietatik irakaspenak ateratzea dagokigu akats berdinak errepika ez ditzagun. Sinetsita gaude gure kezka eta ezinegonak soilik modu kolektiboan, herri bezala bideratuz lor genezakeela inor bazterrean utzi gabe hemendik onik aurrera ateratzea. Beldurraren aroan bizi gara: osasuna galtzeko, harremanak hozteko, lanpostua galtzeko…Norberaren beldurrak modu kolektiboan bideratzeko ahalegina egitea dagokigu, bakarrik nekeza dena komunitatearen indarrez arinagoa izango zaigula sinetsita gaude. Pertsonen beharrak erdigunean jarriz, eredu berri bat eraikiz, betikook ordaindu ez dezagun osasun mailako ez ezik, sozial eta ekonomikoa bihurtu den krisi honetatik ahalik eta ondoen ateratzea.

Manifestu bateratu bat aurkeztea izan da gure nahia, herriko pertsona ezberdinek, askotariko arloak josiz adierazpen baten bueltan kalera ateratzeko deia egin nahi dugu, bertara biltzea gonbidatzearekin batera.

INGURUGIROA ZAINTZEA EZINBESTEKO OINARRIA DA

Naturarekin dugun harreman arduragabean sustraitzen da egun pairatzen dugun egoera. Ekonomia ekologiko, iraunkor eta bizitzan oinarrituan sinesten dugu. Ingurumenaren urteetako zaintza eza eta neurrigabeko ustiaketak ondorioak ekarri dizkigu. Naturaren ziklo orekatua hautsi dugu eta horrekin batera, birusek forma eta bide berriak aurkitzea ahalbidetu.

Ingurugiroa errespetatzearen eta herri jasangarri baten alde.

BIZITZA ERDIGUNERA EKARTZEA, ZAINTZA

Elkar zaindu beharraren garrantzia azpimarratu digu egoera honek. Gure adinekoak, gaixoak, umeak… zaintzea geuri dagokigu. Gizarte osoari. Gizarteak martxan jarrai dezan oinarrizko jarduera da zaintzarena eta “emakumearena” etiketa kendu behar diogu. Zaintza eredu publiko sendoa behar dugu, hau ez baita dirua edo etekina ateratzeko zerbait.

Bizitzak erdigunera ekarriz, zaintza eredu publiko indartsu baten alde.

TOKIKO EKONOMIA GARATU.

Bertan ekoiztu, bertako merkataritza babestu. Elikadura subiranotasuna duen herria beti egongo da edozein egoerari aurre egiteko hornituago eta izango da mundu globalizatu honetan jasangarriago. Geure herrian landuz eta ekoiztuz jasoko ditugu bertako kalitatezko produktuak, natura errespetatuz ekoitzitakoak. Osasunean irabaziko dugu eta inguruko ekoizleak bizi daitezen lagundu.

Bertakoa kontsumitzeko nahitaezkoak ditugu bertako merkatariak. Supermerkatu handiek itzal egiten dieten bitartean, ikusi dugu zein beharrezkoak ditugun herriko merkatari eta tabernariak. Inoiz baino argiago ikusi dugu hauek gabe herriak herri hilak direla.

Egin dezagun bertan ekoizteko eta bertan kontsumitzeko apustua, Zestoa bizi baten alde.

SISTEMA PUBLIKOA INDARTZEAREN BEHARRA

Osasun sistema publiko indartsu bat behar dugu, denok, gure kasua edozein dela ere, osasun-arloan babestuta egon gaitezen. Herri honetako biztanleen osasunak ezin du negozio-iturri izan. Pertsona ororen oinarrizko eskubide batez hitz egiten ari baikara. Negozio-iturri izan beharko ez lukeen eta herritarrok babesteko funtzioa bete beharko lukeen zientzia arloak bezalaxe.

Osasun sistema publikoaz gain, hezkuntza eredu publiko sendo bat behar dugu. Ikasketak etxetik jarraitu behar izanak arrakalak ugaritu ditu. Baliabide gutxien dituztenek jasan dituzte kalteak, Internetik gabe, laguntzarik gabe… Zailtasunak dituzte, zenbait kasutan, ikasketak jarraitzeko. Inor bazterrean utziko ez duen osasun eta hezkuntza ereduaren alde.

Sistema publiko sendo baten alde.

KULTUR EKOIZPENA

Kulturak egiten gaitu herri. Antzerkiak, musikak, dantzak eta beste hainbat sorkuntza espresiok pertsona eta herria garatzen laguntzen du; ikuspegi kritikoa piztu, baloreak landu… Sorkuntzatik bizitzeko laguntza publikoak sustatu behar dira.

Gure sortzaileen alde.

EMAKUMEEN ESKUBIDEAK

Osasun krisi honetan berriro ere emakumea izan da kaltetuetako bat. Hainbat eta hainbat emakume geratu dira bere erasotzailearekin egunero 24 orduz egotera kondenatuta. Beste askok etxeko zaintzaren zama guztia jaso dute berriz ere bizkarrean. Eta krisi ekonomikoetan badakigu nor izaten den kolpatzen lehena.

Herri parekide eta justu baten alde.

HIZKUNTZA

Larrialdi honetan euskarari eman zaion tratamendu tamalgarria izaten ari da. Bi hizkuntza handiren ondoan bizi nahian dabilen euskarari eta euskaldunoi egoera zailduko zaigu. Larrialdi egoeran, osasun-, gizarte- eta ekonomia-krisi potolo baten aurrean, gure hizkuntza eta bere beharrak bigarren maila batean geratu dira eta arriskuan daude normalizazio prozesuan urteetan egindako lanaren emaitza emandako pausoak eta euskal hiztunon hizkuntz eskubideak.

Herri euskaldun baten alde.

HERRITARRAK BABESTEKO NEURRI EKONOMIKOAK. Bizitza duinak

Ez daukagu horrelako osasun krisi baten eta beronek atzetik dakarren krisi sozioekonomiko baten aurrekaririk. Baina sistema kapitalistak jasan dituen krisi guztiek historian zehar erakutsi digute gogor kolpatzen dituela gizarteko sektore desberdinak. Zer etorkizun izango dute herri honetako gazteek? Zer gertatuko da pentsiodunekin? Lan baldintzak, laguntza sozialak.

Bertan lan eta bizi ahal izatearen alde.

ERREPRESALIATUEN ESKUBIDEAK

Milaka kilometrotara dispertsatuak dauden euskal preso, iheslari eta deportatuak (Antton herritara) Euskal Herriratzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Hauen senide eta lagunei ezartzen zaien zigor erantsiak amaitu behar du. 60 urte beteak, gaixo direnak eta zigorraren 3/4ak beteak dituztenak etxeratzeak lehentasun beharko luke. Urrunduak eta dispertsatuak bizi baldintza kaxkarretan, bi hilabetetik gora daramate bisitarik jaso ahal izan gabe, kartzelan beren osasuna bermatzen ez dela jakinda. Kalean dagoen kutsatzeko arriskua kartzelan biderkatu egiten da.

Euskal presoen eta errepresaliatuen eskubideak bermatzearen alde.

UDALEN DIRU MURRIZKETAK

Udalak herritarrongandik gertuen dauden erakundeak izanda, krisi garaietan ezinbestekoa da udalak diruz laguntzea. Horrela, kaltetuenak diren pertsonei laguntzak ahalik eta azkarren bideratzeko, Bada, alderantziz egiten dute eta zestoarroi 2020ko aurrekontuetatik 542.000 € kenduko dizkigute. Neurri horrekin herritarrak gara kaltetuenak eta, aldiz, gutxi batzuen onurarako egin nahi diren makro obretarako dirutzak bere horretan mantendu dira, zoritxarrez, berriro ere, krisiaren zamarik handiena ahulenen bizkar gainean utzi nahi da.

SINATZAILEAK: Tina Elovikova, Amaia Egibar, Joxe Mari Olaizola, Aitor Salegi, Itsaso Waliño, Jon Arrue, Janire Diaz, Fabio de las Morenas, Ixiar Arrizabalaga, Eztizen Elorza eta Nerea Alberdi.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide