ZESTOAN ERE OSASUN SISTEMA PUBLIKOA BIZIRIK!
— 2022-06-28Murrizketa eta planifikazio ezak, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategiak gurean ere izaten ari den eragina salatu nahi dugu.
Azken urteotan Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien ondorioz, Osakidetza kinka larrian dagoela salatu nahi du Zestoako EH Bilduk. Hainbat dira azken urteetan sistema publikoa, pribatuaren mesedetan ahultzeko hartutako neurriak, hala nola, etenik Gabeko Arreta Guneak, PAC delakoak, ixtea edo ordutegiak murriztea edota osasun sustapena bertan behera geratzea edo behar bezala ez garatzea.
Egoera ordea ez da berria, eta ez da pandemiaren errua ere; osasun publikoaren desegitea ez baitzen pandemiarekin hasi. Murrizketak eta planifikazio eza, eta osasun sistema publikoa pribatuaren mesedetan ahultzeko estrategia aspaldiko kontuak dira. Bereziki 2018tik gaurdaino, osasun sistema publikoan eman diren atzerapausoak gero eta nabarmenagoak izan dira. Eta guzti honen ondorioak azkenean osasungintzako langileek eta herritarrek jasaten dituzte, are gehiago Zestoa bezalako herri txikietan.
Gaur egun, osasun etxeetan izugarrizko profesional gabezia dago. Eta ondorioz, profesional batek, gainerakoen agendak bete behar izaten ditu edo egunerokotasunean 45 kontsulta izatera iritsi daiteke. Egoera horretan ezinezkoa da pazienteei kalitatezko arreta eskaintzea. Hainbat eta hainbat osasun etxeetan bizitza osoan izandako zerbitzuak ixten edo murrizten ari dira. Kontsulta presentzialak lortzea gero eta zailagoa da. Atzerapenak nabarmen areagotu dira eta adinekoen eta gaixotasun kronikoen jarraipena egiteko gero eta zailtasun handiagoak daude.
Zestoan ere aipatu ditugun murrizketa hauek nozitzen ari gara eta egoera honen larritasuna are ageriago geratu da, pandemian denok ikusi baitugu zein garrantzitsua den kalitatezko lehen mailako arreta izatea, baina, sistema hori indartu beharrean, Jaurlaritza kontrakoa egiten ari da.
Epe motzean, herri txikietan medikuarengana joateko beste herri edo hiri batera joan beharko dutela dirudi. Zestoa herri ertaina da baina auzo txiki asko ditu eta ez dira urte asko Arroabean adibidez, herriko medikuaren borondatez asteko egun jakin batzuetan arreta medikua egoten zena. Osakidetzak auzoetan asteko egun jakin batean arreta zerbitzua izatea galarazita dauka eta azken hilabeteetan herriko anbulategiko lehen arretan murrizketa orokorraren eraginak sufritzen ari gara. Osasun sailburuak horrela esan arren, hau ez da aldaketa kultural bat, oinarrizko eskubide baten aurkako eraso bat baizik, pertsona guztiok kalitatezko arreta sanitario publikoa jasotzeko eskubidea dugulako, eta hori da orain arriskuan dagoena.
Hori guztia kontuan izanda, hiru eskakizun argi egin nahi dizkiogu Eusko Jaurlaritzari osasun sistema publikoa bizirik mantendu dezan:
1.- Urte osoan zehar, uda sasoian barne, Zestoan osasun sistema publikoak eskaintzen dituen zerbitzuak bermatu ditzala.
2,- Horrekin batera, lehentasunez mediku egoiliarren kontratazio eredua aldatu dezala, kontratu egonkorrak eta lehen arretan euren garapen profesionalerako ibilbidea ahalbidetzea bermatuz.
3.- Lehen Arretarako eskaintzen duten mediku, erizain eta gainerako osasun langileen kopurua handitu dezala. Diziplina anitzeko lantaldeak sortuz, non beste profil profesional batzuk txertatuko diren, hala nola geriatrak eta fisioterapeutak.
OSASUN PUBLIKOA ZAINDU ETA INDARTU!
Egin zaitez bazkide