Albisteak

Zestoarrak ez direnei datozen egunetan herrira ez bertaratzeko eskaera egin die Udalak

COVID 19aren eraginez, Zestoako Udalak herri eta auzoetako jaiak bertan behera uztea erabaki zuen, baina, segurtasun neurri guztiak betez, ‘Udan zer Zestoan’ egitasmoa antolatu zuen herriko hainbat eragileren laguntzarekin. 

Asteburu honetan eta ondorengo egunetan herriko jaiak ospatuko genituzke, baina Mikel Arregi alkateak azpimarratu du aurtengoan, tamalez, ezin izango dela festarik ospatu eta bizi dugun osasun krisia gainditzeko gure esku dagoen guztia egitea ezinbestekoa izango dela azpimarratu nahi izan du.

Hori dela eta, Udalak neurri bereziak hartu ditu asteburuari begira eta zestoarrak ez direnei datozen egunetan ez bertaratzeko eskaera egin die Arregik, “herriak dituen ezaugarriengatik bertako kaleetan kutsatzeren bat gertatuko balitz ondorioak larriak izango liratekeelako”. Esaterako, herriko taberna guztiak itxi eta kalean ibili diren herritar guztiek PCR proba egin beharko lukete. “Denon esku dago arduraz jokatu eta ahal den neurrian arriskua ekiditea”, azpimarratu du Arregik.

Udalak datozen egunetako hartutako neurriak 

1- Larunbatean, irailak 5, arratsaldeko 17etatik gaueko 23etara herriko geltoki nagusian ez da autbus zerbitzurik izango. Udalak Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin hitz egin ondoren, Zumaia-Zumarraga, Azkoitia-Donostia eta Azkoitia-Zarautz zerbitzuetako autobusek ez dute geldialdirik egingo Zestoan.

2- Irailaren 4ko Musika Bandaren kontzertua eta irailaren 5erako iragarritako Rodeo eta Ezpalaken musika ekitaldiek aurrera jarraituko dute, baina irailaren 8an herriko kaleetan egitekoa zen zahagi dantza bertan behera geldituko da. Izan ere, Jaurlaritzaren abuztuaren 14ko aginduak horrelako ekitaldiak debekatzen ditu. Udalak Itxaropena dantza taldeko kideei bere esker ona eman nahi izan die ekitaldia prestatzeko egindako lanagatik eta inolako eragozpenik ez jarri izanagatik.

3- Tabernak gauerdiko 12ak arte egongo dira irekita. Ordu horretatik aurrera ezin izango da taberna zein elkarte gastronomikoetara sartu eta gaueko 1:00ean guztiz itxita egon beharko dira.

4-  Kaleko edana edo “botiloiak” egitea erabat debekatuta dagoela gogorarazi nahi izan du Udalak eta horrelako ekintzetan parte hartzen dutenei, 300 eurotik 5.000 eurora bitarteko isuna ezarri ahal izango zaiela jakinarazi du. Izan ere, debekuaren isunaz gain ingurumenaren aurkako delitua ere leporatu ahalko zaie. 

Aurrez, herriko ostalari eta bizilagun guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie Mikel Arregi alkateak eta herriko jaiak elkarrekin gozatzeko garai hobeak iritsiko direla azpimarratu du. Orain, “arduraz eta heldutasunez” jokatzeko garaia dela azaldu du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide