Zorionik gabeko burgesia

Bero handiak omen datoz, diote eguraldi adituek. Politikan bezala, eguraldi kontuak ere muturretara doaz gero eta gehiago: etengabeko euria ez bada, sekulako beroak. “Tira, heuk egin ezak hobea”, diote baten batzuk; gure etxean, berriz, esaten dute eguraldia gure esku balego ez lukeela egunik zabaldu ere egingo. Egia da, bai horixe. Nik neuk antzinako ikuspegia dut bero kontuetan, alegia, eguzkiak duen onena itzala dela (exajeratu gabe, noski) eta horregatik ekarri dut argazki hau.

Galderaz betetako argazkia dugu hau eta, besteak beste, horretxek ematen dio misterioa eta erakargarritasuna irudiari (beti bezala, argazkian bertan sakatuta handiagoa ikus daiteke). Noizkoa den badakigu, gutxi gora-behera: 1915-1925 tarte horretakoa dela ematen du, baina non aterata dago? Eginahalak eginda ere, ez diot tankerarik ematen. Bainuetxe aldean izan behar du. Agian, Arocena hotelean (garai hartan bainuetxeko txaletean). Bainuetxeko beste txokoren batean? Venta-peligro atarian? Hara, tankerarik ere ez diot ematen. Ea zuk zer diozun, irakurle.

Jende handia ikusten da argazkian. Azorinek zioen moduan, “magistrados con el bastón coronado por reluciente borla de plata”, “ex directores de administración local”, “senadores que se enfurecen épicamente”, “damas que hacen pasar por sus labios ‘relámpagos de risas carmesíes”… Jende handia, denak dotore-dotore jantziak: gizonezkoetan, gorbata daramate gehienek, pajarita ere bai batzuek, eta, nire begiak oker ez badaude, bat bakarra ikusi dut ezer gabe, bi zuhaitzen artean kolore argiz jantzita txapelarekin ikusten den hori. Emakumeak ere dotore, ilunez jantzita edadekoak, ausardia gehixeagorekin gazteak. Aurrealdean ageri diren gizonek erantzi berriak dituzte beren lastozko kapelak (honen antzeko beste argazki batean jantzita dauzkate). Bero den seinale?

Galderaz betetako argazkia, esan dugu. Zer dela eta den-denak ura edaten ari dira, ez beste edariren bat, kontuan hartuta taberna sarreran botila ugari ikusten direla? Bat bera ere ez da ari beste edariren bat hartzen, denak ura (edo limoi-ura). Ez ote zen sagardorik? Edo zerbezarik? (Kutz familiak 1888an –aspaldi beraz– ireki zuen lehen zerbeza lantegia Donostian). Auskalo. Txokolatea hartu ondoko momentua ote da ba? Eta non dira ba boladuak? Tira, jarrai dezagun…

Argazki honetan asko nabarmentzen den beste gauza bat da jende gehienaren gizentasuna; gose handirik pasa gabeko jendea. Lehen ere kontatua dut Pio Barojak esandakoa baina utz iezadazue errepikatzen. Hemen Zestoan zegoela, zenbait gaixori higiene aholkuak ematen omen zizkien baina inork ez omen zion kasurik egiten. Behin, hemen uda pasatzen ariko zen madrildar bat bidali omen zioten; zahar artritiko bat, bizitza guztia foiletoiak irakurtzen pasatzen zuena. Barojak haragirik ez jateko eta ibiltzeko aholkatzen omen zion: “ –Baina ahuldadez hiltzen ari naiz-eta, mediku jauna –esaten zuen berak–. Ez dut haragi zatitxo bat besterik jaten, kopa bat jerez eta taza bat kafe. –Hori guztia oso txarra da –esaten nion nik. Haragia ez jateko gomendatzen nuenean, nik haserrarazi egiten nuen aberats jendea… eta harakinak.”

Argazkia ederra da oso, nire iritzirako, eta hainbat xehetasun dotore ditu gainera; esate baterako, ertz ondulatuak dituzten mahai horiek luxuzkoak dira oso, eta benetan deigarriak hain arrunta dirudien establezimendu batean (erreparatu hondoan, bazterrean, egurrezko mahai sastarragoak dauzkatela). Janzkerak ere, begira-begira orduak pasatzeko modukoak dira. Bestalde, erdi aldean ikusten diren bi platanoek edota ezker aldera sumatzen den akaziak itzalpe goxoa ematen dutela nabaritzen da. Eta gero, hain daukate tonu erakargarria honelako argazki zaharrek…

Ez nuke esango, hala ere, argazki alaia denik. Aurpegiei hurbiletik begiratuz gero (gogoratu argazkia sakatuz gero handiago ikusi ahalko duzula), behartutako irribarre keinua daukate, azalekoa, barru-barrutik ateratzen ez dena, zoriontasunik gabekoa. Makina bat idazlek ondo baino hobeto irudikatu duten burgesiaren zozotasun konbentzional horixe bera. Tabernako atean, berriz, etxekoandrea edo bezeroren bat ageri da, espiritua balitz bezala.

Eta azkenerako utzi dut argazkiaren eskuin aldean ageri den zerbitzaria, bandeja eskuan duela eta kamerari desafiozko begirada eskaintzen diona. XIX. mende erdialdean gure bainuetxeari buruz idatzi zuen udatiar bat datorkit gogora. Hark zioen bezala “no hay más hombre que el bañero para los hombres; todo lo hacen las mujeres que parecen máquinas exactísimas, que hablan vascuence y por lo tanto callan como estatuas.” (Ez dago beste gizonezkorik gizonen bainuzaina besterik; dena emakumeek egiten dute eta makina zehatz-zehatzak dirudite; eta euskaraz hitz egiten dutenez, isilik egoten dira estatuak balira bezala).

Beno, hurrengora arte. Itzaletik ibili!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide