Paperekoa

[ZUTABEA] Euskalduna naiz baina harro al nago?

Aspalditik nabil nire nortasunari buruz hausnartzen, naizen hau zerk egiten duen pentsatzen. Askotan galdetu izan diot neure buruari euskalduna izango ez banintz nor izango nintzatekeen. Baina zer da euskalduna izatea? Zerk egiten gaitu euskaldun?

Esaterako, reggaetoia dantzatzen dugu, baina ez dakigu fandangoa eta arin-arina dantzatzen. Madonna nola ez dugu ezagutuko? Baina nor zen Maurizia? Erromeriak herriko festetan euskal dantzak egiten dituzten frikien momentua bilakatu dira.

Gaztelaniaz gaizki hitz egiteaz lotsatzen gara, baina ez gara ohartzen euskara bizirik mantentzen duen oxigeno apurra garela. Arnasa hartzeko lagungarria da umorea, eta euskal umoregileak lanean ari dira gure hizkuntzan barre egin daitekeela frogatu nahian. Baina faltsu samarra nonbait, eta gaztelaniaz grazia gehiago egiten duela esan zidaten behin. Euskal literatura ere itxuraz zaila da digeritzeko; eztarrian kateatuta gelditzen ote zaigu? Eztarrian baino gehiago aurreiritzietan gelditzen dela kateatuta esango nuke. Idazten eta irakurtzen euskaraz ikasi genuen, baina gure apalategiak gaztelaniazko edo ingelesezko literaturaz beterik daude.

Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar omen dugu. Frantziako iraultzatik, Sobietar Batasunetik eta mundu gerretatik gatoz, baina Euskal Herriko historia ahaztu genuen, eta ez dakigu Amaiurko gazteluan zer gertatu zen. Eta, horrela, Thailandiara, Mexikora eta Australiara joaten gara, Urepele non dagoen jakin gabe.

Sarritan sentitzen dut gure historia, gure folklorea eta gure kultura ez ditugula ezagutu nahi, eta, gainera, iruditzen zait gutxietsi egiten ditugula. Ez ditugu gure iragana eta ondarea behar bezala estimatzen. Gizartea inoiz baino biziago ari da eraldatzen, eta euskalduntasunaren sentimendua galtzen ari ote garen sentsazioa daukat; edo, agian, ez dugu sekula izan.

Nik erantzunaren bila jarraituko dut badaezpada, arrastoari jarraika, guk geuk aztarnak estali aurretik. Bitartean, gozatu reggaetoiaz, eta ikusiko dugu elkar Thailandiako txokoren batean.

Aizpea Aristi Arregi




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide