Paperekoa

[ZUTABEA] Euskararen gainbehera

Pasa berri dugun euskararen egunak, pentsakor utzi nau. Euskaraldia, Durangoko Azoka, Korrika…
badira hainbat ekitaldi euskararen aldekoak eta hau bultzatzen dutenak. Egun horietan denok gara euskaldun, denok dakigu euskaraz, denok egiten dugu euskaraz, denok egingo genuke edozer euskaragatik, denok…

Denbora gutxian, euskararen erabilera nabarmen murriztu da, eta larriki zaurituta daude gure inguruan ditugun arnasguneak. Batzuk, garrasika laguntza eske, eta besteak, egoerari ahal duten moduan erantzun bat eman nahian. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi, hiri eta hiriburuetan bizi den egoera kritiko eta pasiboa.

Jakina da euskarak historian zehar jasan behar izan duen errepresio guztia. Oraindik, ez dakigu gure hizkuntza eder hau nondik datorkigun. Badakigu ordea, gaur egun hitz egin ahal izateko, egin behar izan duen bideaz eta gainditu behar izan dituen oztopoez. Euskal nortasunaren ardatz nagusienetako bat da, nagusiena ez bada. Eta horrela jarraitzen badugu, etorkizun beltza izango dute hurrengo euskal hiztunek.

Urte asko daramazkigu euskararen gainbehera aipatzen. Agian hori da arazoa. Aipatu soilik egiten dela, eta norberak duen erru eta erantzukizunaz ez garela benetan kontziente. Nabarmena da atzerriko hizkuntzetatik hartzen ditugun hitz eta esaldien gorakada, eta zoritxarrez, ohiko egin ditugun esamoldeena. Zenbat aldiz gertatu zaizu, taberna batera sartu, zure lehen hitza gaztelaniaz egin eta tabernariak euskaraz dakiela ohartzea? Edo, euskal derbi bateko futbol partidaren emaitza gaztelaniaz esatea?

Begiak ireki eta zerbait egiteko garaia da. Aipatutakoak eta gehiago egunerokotasunean bizitzen ditugu, eta pena handiz, normaltzat jotzen ditudala ohartu naiz. Puntu hontara iritsita… hobeto ala okerrago. Batzuk beste batzuk baino jantziago. Baina argi dago nola lagundu diezaiokegun hizkuntzari. Hitz egiten!

Nafarroako txapeldun berria den Xabat Illarregik esan bezala, “hizkuntzarik ez duen herri bat ez da herri izango”. Nik herri izaten jarraitu nahi dut, eta zuk?

­Oier Arantzeta




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide